Gipuzkoak nahi ez den bakardadea arintzeko lehen plaza izango du Beasainen
Barrendain plazan kokatuko dute espazio berria. Urtarrilean abiatuko dituzte obrak eta sei hilabetez luzatuko direla iragarri dute.
Eider Mendoza diputatu nagusia eta Leire Artola Beasaingo alkatea, proiektuan parte hartu duten beste eragile batzuekin batera.Ariane Vierbücher Beasainek nahi ez den bakardadea arintzea helburu izango duen Europako lehen plaza izango du laster. Barrendain plaza berriak ongizatea, autonomia eta harreman sozialak sustatzeko espazio publikoaren eraldaketan erreferente izan nahi du, bereziki adineko pertsonen eta belaunaldi ezberdinen arteko loturak sendotzeko. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak bultzatu dute, Beasaingo Udalaren lankidetzarekin eta EHUko zein CAVIAR ikerketa-taldeko ikertzaileen parte-hartzearekin.
Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu duenez, “ongizatearen ardatzetako bat komunitatean bizitzea eta harreman sozialak izatea da, eta urbanismoak ere hori erraz dezake”. Horregatik, Barrendain plaza “eredu izango da Gipuzkoa osoarentzat, herritarren arteko interakzioa, belaunaldi arteko topaketak eta ongizatea lehenesten dituelako”.
Kalelagun proiektutik sortutako ekimena
Ekimen hau Kalelagun proiektuaren barruan sortu da, espazio publikoak berrantolatzeko eta bakardade egoerak arintzeko gida metodologiko batetik abiatuta. Gida hori EHUko ikerketa-talde batek garatu du, Adinberri Fundazioaren eta Foru Aldundiaren Hariak estrategiaren laguntzaz.
Helburua da nahi ez den bakardadea politika publikoen erdigunean kokatzea, eta Beasaingo plaza izango da ikuspegi horren lehen emaitza praktikoa.
Kokreazioaren fruitua
Proiektuaren garapenean 65 pertsona baino gehiagok hartu dute parte kokreazio-tailerretan, herritarren, adituen, administrazioen eta enpresen ekarpenekin. Prozesua gainera Europako bost herrialdetako bazkideen babesa ere jaso du —Austria, Belgika, Danimarka, Irlanda eta Portugal—.
Beasaingo alkate Leire Artolak azpimarratu duenez, “plaza berria Beasaingo elkarbizitzaren eta komunitatearen ikur izango da, eta herri seguruago, atseginago eta hurbilago baterantz urrats garrantzitsua emango dugu”.
Harremanak eta ongizatea erdigunean
Proiektuak 5.500 metro koadro hartuko ditu eta 1,56 milioi euroko aurrekontua izango du. Lanak 2026ko urtarrilean hasiko dira eta sei hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da.
Diseinu berriak pertsonen arteko harremanak sustatuko ditu: aisialdirako eta topaketarako guneak, itzalpeko egurrezko plataformak, landare iraunkorrak eta lore eremu aldakorrak aurreikusi dira.
Gainera, altzari irisgarriak erabiliko dira, belaunaldi arteko elkarrizketarako eta jardueretarako eremu moldagarriak sortuz.
Plaza bizia eta esperimentaziorako gunea
Barrendain plaza living lab edo laborategi bizi moduan ulertu da, non herritarrek esperimentatu eta parte hartu ahal izango duten. Ingurumen-parametroak neurtzeko estazio meteorologiko bat ere izango du, eta bertan bildutako datuak etorkizuneko hirigintza-ereduak hobetzeko baliatuko dira.
EHUko errektoreorde Marian Iriartek adierazi duenez, “espazio irisgarri eta jarraitu bat proposatu da, non adin guztietako pertsonak elkarrekin bizi eta harremanak era natural batean garatu ahal izango dituzten”.



















