«Inoiz ez dut lan egin horrela; gustura, inongo beldurrik gabe»
Adineko gizon homosexual baten larruan sartuta, protagonista rola jokatu du Moriartitarren ‘Maspalomas’ filmean. Lanak orain aretoetan izan lezakeen arrakastaz harago, pertsonaia antzezteko izan duen jarreragatik pozik bezain harrituta segitzen du.
Jose Ramon Soroiz legorretar aktorea, Donostian. Jagoba Manterola / FOKU Ez da elkarrizketak eman zalea izan inoiz, eta horrek berak ere erakuts dezake nola bizi duen ofizioa Jose Ramon Soroizek (Legorreta, Gipuzkoa, 1951). «Gero gustura aritzen naiz, baina beldurra ematen dit, ze galdera egingo didaten eta». Hitza ere ez da ausazkoa. Maiz samar aipatu du beldurra bere lanaz aritzean, baina estreinakoz beste leku batetik ariko balitz bezala oraingoan. Telebistak egin du ezagunen (Bi eta bat, Jaun eta jabe, Martin), antzerkia egiten du gusturen ―Esnearen kolorekoa, egin duen azkena―, eta zinema zen guztiz eroso sentiarazten ez zuen arloa (Ke arteko egunak, Agur Etxebeste!, Urte berri on, amona; Maixabel). Baina orain arte. Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Maspalomas filmean protagonista rola jokatu du, eta aurrez ez bezala ikusi du bere burua lanean.
Tarteka Vicente, tarteka Bixente da Soroiz filmean, adineko gizon homosexual bat, zeinak Kanarietan (Espainia) libre bizitzetik Donostiako zahar etxe batera itzuli behar izan duen, eta, harekin, armairuan giltzapetu atzera. Duela aste gutxi, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten filma, aretoz areto dabil egunotan, eta aktore onenaren Zilarrezko Maskorra gelditu zaio Soroizi. Dioenez, «olatutik jaitsi ezinda» dabil, eta horren erakusle, elkarrizketa amaitu berritan, herritar batek «Soroiz! Zorionak!» oihukatu izana ondotik pasatzean. «Ikusten? Orain horrela nabil etengabe». Pozik dago filmak ekarri dionarekin, «harro» egindako lanarekin. «Ez dakit esan behar den, baina halaxe da: harro nago».
Fokuaren begian zaude orain, baina, profesionalki, nolakoak izan dituzu azken urteak?
Izan dira momentu txarrak, baina niri lana ez zait falta izan. 50 urte badira honetan hasi nintzela, eta, hasieran ez, baina bestela honetatik bizi izan naiz. Izaten dira urteak non igual ez zaizun ezer ateratzen. Ofizio hau da oso… zer esan. Ofizio hau ez da segurua, ez daukazu hileroko jornal bat. Baina, nahiz eta horrela izan, nahiz eta askotan zentimorik gabe egon, badu zerbait hor jarraiarazten diguna. Nik zorte izugarria izan dut; gu hasi ginenean telebista ere sortu zen, eta gu aktore bakarretakoak ginen orduan. Batzuk Antzertitik ateratakoak ziren, Elena-eta [Irureta], baina ni ez naiz inongo eskolatatik pasatu. Gustatzen zitzaidan, eta hasi nintzen. Telebistan urte mordoa izan dira, batez ere Bi eta bat-etik 2008an Martin bukatu zen arte. Orain berriz etorri da Irabazi arte [aitonaren rola egiten du telesailean], baina azken urteetan antzerkian aritu naiz gehiago.
Jose Mari Goenagak gidoia idatzi zuenean, garbi proposatu omen zintuen protagonista izateko. Polita izan da entzutea gidoia irakurri zenuenean, sexu eszenek sortzen zizuten erreparoa alde batera utzita, «nik hau egin dezaket» pentsatu zenuela zuk ere. Zer ikusi zenuen testuan?
Jose Marik idazterakoan duen sentsibilitatea izugarria da. Gidoia irakurri nuenean, hain pertsonaia samurra ikusi nuen, esaten nuen: «Nik hau badaukat egitea». Nahiz eta protagonistak beldur horiek guztiak eduki, eta sexuaren guztia aparte utzita [intimitate koordinatzaileekin aritu da alderdi hori lantzen], ni emozionatzen banaiz da sartzen naizelako, enpatia dagoelako. Ikusten dut pertsonaia, eta horrelakoetan badaukat agertzea gertatzen zaiona. Esaten didazu testu asko duen abokatu batena egin behar dudala, eta ahaztu. Nire mugak dauzkat, eta badakit zer pertsonaia gustatzen zaizkidan.
Emozionalki inplikatzea eskatzen dutenak?
Bai. Ondo ikusten dut neure burua pertsonaia klase hori egiten. Antiheroiak. Horiek fenomenoak dira niretzat. Hor barruan sartu, zure barruan, sentimenduekin aritu… mundutxo hori izugarri gustatzen zait. Neureganatu egiten ditut pertsonaiak, baita Jose Lontxo bat ere [Bi eta bat telesailean jokatu zuen rola]. Nire egiteko era da hori, aktore bezala, oso gertukoa egiten naiz, maitekorra edo. Hori ikusi nuen Bixenterekin ere, eta horregatik ez nuen utzi nahi. Bestea zen duda [sexu eszenena], baina ikusten nuen pertsonaia egin nezakeela, txukun egin nezakeela, eta ez nuela izango beste aukera bat akaso protagonista bat egiteko. Gero, zuzendariak hor daude gainetik esateko hainbeste bai edo hainbeste ez. Ni emozionatu erraz egiten naiz, eta alabarekin dituen elkarrizketetan, adibidez, negar batean hasten nintzen, eta zuzendariek esaten zidaten: «Hik ez, hik ez duk egin behar!». Eta moztu egin behar. Eutsi egin behar zidaten, ze bestela pertsonaia hor joaten da. Baina hori, zuzendari on batzuekin, gozatua da.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













