300 partaidetik gora Lizarrustiko orientazio proban
Amaia Roche eta Aimar Urkizu izan ziren ibilbidea osatzen azkarrenak. Eguraldi eguzkitsua lagun, Lareoko pagadiak orientazio kirolerako gune ezin hobe bihurtu ziren.
Parte hartzaileetako batzuk. GOT Udazken giro betean jokatu zen igandean Gipuzkoako Herri Orientazioko Ligako bosgarren proba, Lizarrusti eta Lareo inguruan. Antolatzaileek adierazi dutenez, 300 parte hartzailetik gora lehiatu ziren, aurreikuspenak gaindituta. Proba, gainera, Gipuzkoako Orientzio Ligarako baliagarria izateaz gain, Gipuzkoako Mendi Federazioarekin elkarlanean eskola mendiko proba ere izan zen.
Orientazio probak, hala, hiru ibilbide eskaini zituen: horia, haurrentzat eta familia giroan egiteko; laranja, orientazio kirola ezagutzen ari direnentzat aproposa; eta, azkenik, gorria, esperientziadun kirolarientzat.
Gorengo mailan, Amaia Roche kirolari frantziarra nagusitu zen emakumezkoetan, ordubete, minutu bat eta segundo bateko denborarekin; bere atzetik sailkatu ziren Aitana Lertxundi zarauztarra (hamahiru minutu gehiagorekin) eta Alexandra Carpentier (berrogei minutu gehiagorekin). Gizonezkoetan, berriz, Aimar Urkizu zizurtarra izan zen azkarrena, ordubete azpiko denboran lortu baitzuen ibilbidea egitea; bigarren eta hirugarren postuak, berriz, Alain Goikoetxearentzat eta Eki Beobiderentzat izan ziren, hurrenez hurren, hiru eta lau minutuko atzerapenarekin.
Eguraldi eguzkitsua lagun, Lareoko pagadiak orientazio kirolerako gune ezin hobea bihurtu ziren.













