Abian jarri dute Beasaingo energia-sare jasangarria
Estandako hondar-beroarekin kiroldegia hornituko dute. Energia kontsumoa %60 jaitsiko da eta CO2 emisioak 43 tona. Enpresaren eta udalaren arteko lankidetza publiko-pribatua eredugarritzat jo dute.
Estandako, udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariak gaur goizean sistema berria inauguratzen.Ariane Vierbücher Gipuzkoako lehen District Heating publiko-pribatua inauguratu dute Beasainen, Jasangarritasun Departamentuak eta Beasaingo Udalak bultzatuta. Ekimenak, Fundiciones Estandako labeetan sortutako hondar-beroa aprobetxatzen du Antzizar kiroldegia girotzeko, eta energia berrerabiltze horri esker. Urtean %60ko aurrezpena eta 43 tona CO2 gutxiago isurtzea suposatuko duena.
Proiektuaren aurrekontua 958.811eurokoa izan da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsen (EGEF) laguntza jaso du, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak kofinantzatuta. Sistema berritzaile honek industria eta udal azpiegituren arteko lankidetza sustatzen du, energia-eraginkortasuna eta tokiko jasangarritasuna sendotuz.
Atzo goizean egin zuten inaugurazioan, Jose Inazio Asensio, jasangarritasun diputatuak azpimarratu zuen, proiektuak «energia-eredu berde eta deskarbonizatu baterantz» egiten duela aurrera. «Baliabideak optimizatzeak eta emisioak murrizteak Beasaingo herritarren ongizatea hobetzen dute, eta Gipuzkoa klima-aldaketaren aurkako borrokan erreferente bihurtzen dute», nabarmendu zuen.
Adur Ugartemendia Beasaingo alkate ordeak gogorarazi zuen udalaren udalaren lehentasunen artean dagoela «energia jasangarriaren aldeko apustua egitea eta udal eraikinak autokontsumoaren bidez hornitzeko helburua». Bere hitzetan, «proiektu honek energia-kostuak gutxitzeaz gain, ingurumenaren zaintza eta eredu ekonomiko iraunkorrago bat sustatzen ditu».
Bestalde, Iñigo Zarauz Estandako zuzendari nagusiak nabarmendu zuen «proiektu honetan parte hartzeak baliabide erabilgarriak itzultzeko eta enpresan erantzukizun soziala berresteko» balio duela.
5.290 orduz
Sistemak 504 metro luzeko hordi-sarea du, eta astean 115 orduz aprobetxatzen du labeetako beroa, urtean 5.290 ordu baliatuz guztira. Bero horrek kiroldegiko airea eta ur sanitarioaren kontsumoaren zati bat estaltzen ditu.
Azpiegitura hau Gipuzkoa Energia 2050 eta Gipuzkoa Klima 2050 estrategien barruan kokatzen da, eta tokiko trantsizio energetikoa indartzeko urrats esanguratsua da. Jasangarritasuneko departamentuak nabarmendu duenez, Beasaingo proiektuak «eredu eraginkorrago, berritzaileago eta karbono gutxiagoko» bidea indartzen du.













