Aldundiak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu Zegamako Cava festarako
Zerbitzu berezia urriaren 24tik 25erako gauean izango da martxan; urriaren 25etik 26ra larunbatetako ohiko gaueko zerbitzua erabili ahal izango da.
Zegamako Cava festa, artxiboko argazki batean. Kerman Garralda Datorren urriaren 24an eta 25ean osaptuko dute Zegaman aurtengo Cava festa. Horren harira eta Zegamako Udalaren eskaerari erantzunez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu urriaren 24tik 25era Zegamako Cava festaren harira; “festaz gozatu nahi dutenek modu jasangarri, eroso eta seguruan egin dezaten”, Azahara Domínguez diputatuak adierazi duenez.
Zerbitzu berezia emango duten autobusak 00:10ean eta 01:55ean irtengo dira Zegamatik eta Seguran (00:20 eta 02:05), Idiazabalen (0:25 eta 02:10), Olaberriko Ihurre auzoan (00:30 eta 02:15), Beasainen (00:35 eta 02:20), Ordizian (00:45 eta 02:30), Araman (00:50 eta 02:35), Itsasondon (00:55 eta 02:40) eta Legorretan (01:00 eta 02:45) egingo ditu geldialdiak. Bestalde, urriaren 25etik (larunbata) 26ra (igandea) larunbatetako ohiko gaueko zerbitzua emango da. Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.
Azahara Dominguez diputatuaren esanetan “herritarrek eguneroko joan-etorrietan garraio publikoaren aldeko apustua egitea nahi dugu, baita jaiez gozatzeko ere; izan ere, garraiobide jasangarria eta erosoa izateaz gain, seguruena da. Horregatik, beste udalerri batzuekin egiten ari garen bezala, Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditugu martxan. Horrelako aisialdi momentuetan garraio publikoa indartzea erabilera sustatzeko modu bikaina da, eta, beraz, ohitura jasangarriagoak ezartzen ditugu herritarren artean, batez ere gazteenen artean”; garrantzitsutzat jo du udalerri txikiek kalitatezko garraio publikoko zerbitzua izatea, “desberdintasunak murriztu eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzea” ahalbidetzen baitu.
Zegamako alkate Iker Zubeldiaren hitzetan “pozgarria da” gizartean arlo honetan eman den aldaketa, “orain dela 20 urtetik hona, gehienbat gazteek izan duten jarrera aldaketa jai giroan autoa hartzeari dagokionez. Hori posible izan dadin , foru aldundiak lanketa bat egin behar izan du eta herritar bezela estimatzekoa da”. Gainera, herrira gerturatzeko gonbitea egin du: “Udala eta herriko elkarteen izenean, gure Cava festara gonbidatu nahi zaituztet. Giro paregabea izaten da eta jakin ezazue aurtengoa ere mimo bereziz antolatu dugula”.













