Azaren familia handitu da
Bruselazak, azaloreak, brokoliak eta beste iritsi dira, eta perretxikoen eskaintza ugaria izan da beste aste batez.
Azaloreak, brokoliak eta romaneskuak Ilarramendirenean. Tere Madinabeitia Udazkenarekin batera garai hotzetarako jakiak iristen hasi dira Ordiziako feriara, eta horien artean daude azak. Aste pare bat badira barazki horrek denboraldia hasi zuela, baina hain da handia horren familia, oraindik mota berriak iristen ari direla.
Atzo urteko lehen azaloreak, brokoliak eta romaneskuak jarri zituen salgai Ibarrako Esther Ilarramendik, unitatea 2,5 euroan, eta herri bereko Arantxa Iparragirrek lonbarda edo aza gorria ere eskaini zuen, hori ere 2,5 euroan. Montesekoak bruselazak ere aurkeztu zituen, kiloa 6 euroan, eta azaloreak eta brokoliak ere bazituen salgai.
Bimia ere bazegoen atzo, brokoliaren antzekoa, baina «finagoa jateko». Iñaki Intxaustik zuen, sorta 2 euroan.
Horiek guztiak neguko jakiak dira, eta jendeak eguraldi hotzekin lotzen ditu. Oraindik ez dira iritsi hotz horiek, baina Arantxa Iparragirrek bezero bati esan zion bezala, «orain jateko ere oso onak dira, ez zaio eguraldi txarrari itxaron behar!».
Neguko produktuekin hasi nahi ez dutenentzat badago aukera Plaza Nagusiko postuetan, oraindik leka ugari dagoelako, baita piper mota asko, tomateak eta kuiatxoak ere.
Perretxiko ugari
Perretxikoen eskaintza ere ugaria da, eta badirudi inguruko mendietan ere hasi dela zerbait ikusten, euri falta izan arren. Batez ere Altzagako Arantxa Lopetegirenean izaten dira salgai bertako perretxikoak, eta atzo onddoak, ziza horiak eta gibelurdinak zituen. Baina feria osokoak kontuan hartuta, eskaintza zabalagoa zen. Lopetegirenak eta Lasarenak eta Barcinarenak elkartuta, hauxe izan zen: 184 kilo onddo (28-36 euro artean kiloa), 30 kilo ziza hori (22-28 euro), hamarna kilo mendiko angula eta saltsa perretxiko beltz (biak 28 euro), sei kilo gibelurdin (28 euro), eta hamar kilo niskalo (25 euro).
Urtaro honetakoak dira intxaurrak, eta aste batzuk badira ere lehenak iritsi zirela. Simon Aizpuruk Errezilgoak ditu salgai, kiloa 6 euroan.

Perretxikoak Barcinaren postuan.Tere Madinabeitia













