Ehunmiliak, Galarleiz... trail antolatzaileen neke eta ezinak
Mendi lasterketen aparraldi betean, Ehunmiliak probak etenaldi bat izango du, urteetako higaduraren eraginez batik bat. Aurrez, Galarleiz maratoiak ere agur esan behar izan zuen. Antolatzaileen poz, neke eta ezinez aritu dira bi proba horien arduradunak.
Ekaitz arriskua dela eta, Ehunmilak lasterketa larunbat goizean abiatu zen. Ariane Vierbücher Ehunmiliak probaren antolatzaileek etena egitea erabaki dute berriki. Lan ikaragarria dago horrelako trailen atzean: aurrekontu gero eta sendoagoak osatzea, boluntario talde handiak koordinatzea, baimenak lortu eta kudeatzea, hornidura guneetarako osagaiak eskuratzea, izen emateak kudeatzea, komunikazioa zaintzea, ibilbideak seinaleztatzea… Asko dira lanak, baita lotu beharreko xehetasunak ere. Mendiko trail handien antolakuntzan egitura profesionalak ari dira jada, baina gutxiengoa dira. Gehien-gehienetan, jendea musu truk ari da, eta urteak joan, urteak etorri, hobekien olioztatutako makina ere kirrinka egiten hasten da batzuetan. Ehunmilien antolatzaileek ez dute jakinarazi etena zenbatekoa izango den, baina argi adierazi dute hemezortzi urte hauetan «pilatutako nekea» izan dela geldialdia egiteko arrazoi nagusia.
Beste trail batzuk ere geratu izan dira bertan behera. Ezagunenak, agian, Azkaineko (Lapurdi) Skyrhune eta Galarleiz mendi maratoia, Ordunteko mendietan egiten zen proba historikoa. Huraxe izan zen Euskal Herriko lehen mendi maratoia, eta 22 ekitaldiren ondoren geratu zen bertan behera, 2016an, Bizkaiko Aldundiak ezarritako mugen eraginez.
Azkaineko Skyrhune probak, berriz, hamar urte iraun zuen, 2014tik 2024ra, baina sortzetiko printzipioei uko ez egiteagatik, agur esatea erabaki zuen iaz. «Ez dugu parte hartu nahi egungo sisteman. Gaur egun, dirua oso presente dago, eta, aurrera jarraitzeko, amore eman behar genuen hainbat kontutan. Besteak beste, dortsalaren prezioa bi edo hiru halakotu egin behar genuen, eta ez genuen halakorik egin nahi», jakinarazi zuten agurreko oharrean.
Gutxiago edo gehiago, neke, ezin, muga, buruhauste eta kezka bertsuak dituzte trail antolatzaile gehienek. Horiei guztiei buruz mintzatu dira Ehunmiliak eta Galarleiz probetako zuzendariak. Skyrhuneko arduradunak, berriz, nahiago izan du, esan beharrekoak esanda daudela eta, besterik ez gehitu.
Ehunmiliak, nekearen ondoriozko higadura
Andoni Zubeldia (Beasain, 1979) izan da Ehunmiliak lasterketaren zuzendaria azken bi urteotan. Zubeldiak azaldu du «aurten» hartu dutela lasterketa bertan behera uzteko erabakia, hamalau ekitaldiren ondoren, eta «zaila eta hausnartua» izan dela. «Guztira hemezortzi urte joan dira proiektua martxan jarri genuenetik, eta urtez urte jardun gara beti. Proiektu sendoa izan arren, iraileko batzarretan erabakitzen genuen jarraitu edo ez, babesleekin, boluntarioekin eta gertuko jendearekin bildu eta gero. Azken bi urteetan, neke handia nabaritzen hasiak ginen jada».
Ehunmiliak egiteko herri, elkarte eta boluntario sare oso zabal baten laguntza eskerga behar da, batez ere probaren egunean, baina aurrez, sukalde lanean, astero-astero zazpi bat lagun elkartu izan dira aspaldiko urteotan. Lantalde horretan, Mikel Valdibielso izan da arduradun nagusia eta «lidergoa eraman duena», Zubeldiaren esanetan. «Mikel aspalditik zebilen bigarren lerrora pasatu nahi zuela esaten, erreleboa eskatzen. Kontua zen guk ez genuela geure burua horretan ikusten».
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.













