Espainiako Gobernuak baztertu egin du AHTak Aralar azpitik zeharkatzea
Ezkioko lotunea hobetsiko du, Gasteiz baztertuta, baina mendilerroa inguratuko duen beste bide batetik egingo du trenak Iruñerako bidea. Laginketak eremu horretan egingo dituzte.
Abiadura Handiko Trenaren geltokia, Ezkion. Gotzon Aranburu EAJren eta PSE-EEren arteko xextra politikoaren erdian jarri da, beste behin, abiadura handiko trena. Euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko lotuneaz erabakitzeko Aralarren egin beharreko laginketek jarri dute hizpidea asteburuan, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak salatu baitzuen Espainiako Gobernuak ez dituela hasi mendilerroan egin beharreko azterketak. Bada, Madrilek berretsi du ez dituela egingo, baztertu egin baitu trenak Aralar azpitik zeharkatzea.
El Diario Vasco egunkariak eman duen informazioaren arabera, Espainiako Gobernuak Aralarko mendilerroa inguratuko duen bidea hobetsiko du, hirugarrena, Nafarroako AHTa Ezkio-Itsasora lotzeko (Gipuzkoa). Eta laginketak ere eremu horretan egingo ditu, hain zuzen ere. Gasteizko lotunearen aukera baztertuko du horrela, nahiz eta behin betiko erabakia Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin adostu beharko duen.
Baliteke erabaki hori 2026ko udaberrirako hartzea, orduan espero baita proiektuaren txosten teknikoa. Txosten hori urte amaierarako aurkeztu behar zuen Espainiako Gobernuak, baina atzerapenak pilatuz joan da, Garraio Ministerioak salatu baitzuen laginketak egiteko zailtasunak zituela, besteak beste, laginketak egin beharreko lurretara iristea zaila zelako, hala lur publikoetara nola lur pribatuetara; bestetik, laginketak sakonera handian egin behar zituzten, 200 metrora, «tunel batek zer eragin izango lukeen aztertu behar baita».
Artikulua osoa Berria.eus webgunean.













