'After 2. All Iron', industria ondarea eta arte garaikidea uztartzen dituen erakusketa
Fermin Diez de Ulzurrun artista eta Cesar Novella Alba arte komisarioa daude Lenbur Fundazioak bihar Txillida Lantokian irekiko duen erakusketa horren atzean. Gaur egin dute aurkezpena.
Eric Galvez alkatea, Lenbur Fundazioko Luis Tillida eta Agurtzane Elustondo eta Fermin Diez de Ulzurrun artista, All Iron erakusketaren aurkezpenean.Tere Madinabeitia Martxoaren erdialdean After arte proiektuaren bigarren zatiaren berri eman eta gero, Lenbur Fundazioak bihar irekiko du horren emaitza den erakusketa Txillida Lantokian. Legazpiren iragan industriala eta horren arrastoak dira erakusketaren mamia, eta Fermin Diez de Ulzurrun artista eta Cesar Novella Alba arte komisarioa daude atzetik.
Gaur aurkeztu du After 2. All Iron izena duen erakusketa Fermin Diez de Ulzurrunek museoan bertan. Lenbur Fundazioko lehendakaria den Luis Txillida eta Agurtzane Elustondo kudeatzailea eta Legazpiko alkate Eric Galvez izan ditu ondoan.
Inaugurazio ekitaldia, berriz, bihar izango da, eta bi gune desberdinetan gauzatuko da. Hasteko, Mirandaola burdinolan jarri dute hitzordua 11:30ean, eta martxan jarrita, Legazpiren historiari egingo diote erreferentzia bertan, burdinaren lanketarekin lotuta. Bestetik, 12:30ean Txillida Lantokian elkartuko dira, eta bertan sakabanatuta dagoen erakusketa azalduko dute bi egileek.
Ondare industriala eta arte garaikidea
After 2. All Iron proiektuak Legazpiko ondare industriala eta arte garaikidea uztartzen ditu, eta Txillida Lantokian bihartik aurrera ikusi ahal izango den erakusketan gauzatzen da. Lenbur Fundazioaren lankidetzak iragana eta gaur egungo sormena elkarrizketan jartzen ditu, lanaren eta kulturaren balioa azpimarratuz.
Erakusketa asteburuetan egongo da ikusgai, azaroaren 2ra arte. Ostiraletan 17:00etatik 19:00etara egongo da irekita, larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era
After izenarekin Valentziako Saguntoko labe garaien inguruan Iruñeko Diez de Ulzurrunek eta Valentzia bertako Novellak egindako lanaren jarraipena da Lenbur Fundazioarekin lankidetzan gauzatu duten erakusketa. Artistak berak azaldu du proiektuaren jatorria: “Madrileko arte feria batean ezagutu genuen elkar, eta sintonia berean geundela konturatu ginen, nire lan asko industria prozesuekin eta txatarrarekin lotuta daudelako”. After, industria ondarearen inguruan egin behar zuten arte proiektu artistiko baten inguruan sortu zen. “Saguntoko labe garaietan erakusketa bat egiteko elkartu ginen, baina erakusketa ez zen egin azkenik, eta elkarrekin egindako lan guztia After liburuan bildu genuen”.
Liburu horren harira sortu zen gero Legazpirekin harremana, jatorrizko lanaren oinarriak herri honetan elkartuz, ondarea eta artea. Lenbur Fundazioarekin harremanetan jarrita, horren lankidetza lortu zuten. “Lehenik liburua bera aurkeztu genuen, martxo hasieran, eta gero Fabrikan erakusketa txiki bat egitea pentsatu genuen, baina azkenean beste dimentsio bateko erakusketa egin dugu, Cesar eta biok elkarrekin egin dugun lehena”, azaldu du Diez de Ulzurrunek.
“Emaitzarekin oso pozik geratu gara. Legazpik burdinarekin duen harremana, industria jakintza eta Txillida maisuaren ezagutza islatu ditugu bertan”.
Bideo bat, argazkiak, eskulturak, ikatzarekin margotutako erretratuak, margoak, marrazkiak, kate bat… Arte lanak Txillida Lantoki osoan sakabanatuta daude.
Txillidari omenaldia
Erakusketa honek Txillidari omenaldia ere egiten dio, bereziki museoaren beheko areto nagusian, sarreran dagoen Mailu bikoitza izeneko eskulturan biltzen da. Hark eskulturak egin aurretik egiten zituen “aromak” edo prototipoak ekarri nahi izan ditu gogora lan horrekin Diez de Ulzurrunek, “Patrizio Etxeberria eta Eduardo Txillidaren arteko lankidetza” islatuz.
Luis Txillidak gustura hartu du Diez de Ulzurrunek bere aitari egindako omenaldia, eta esan du erakusketan zehar nabaria dela industria gizonaren eta eskultorearen arteko harremanari erreferentzia. Erakusketa “interesgarria” iruditu zaio, eta ikustera doazenek asko gozatuko dutela uste du.
Lenburren “egiteko moduaren jarraipen naturala”
Lenburreko kudeatzaile Agurtzane Elustondok, bere aldetik, All Iron proiektuan “iragana eta oraina” batzen direla esan du, “Legazpiko industria ondarea eta arte garaikidearen begirada sortzailea”, eta egileekin hainbat hilabetez izan duten harremanaren emaitza dela.
“Lenbur Fundazioarentzat, All Iron-en parte hartzea gure egiteko moduaren jarraipen naturala izan da: ondarea zaintzea, lanaren memoria bizirik mantentzea, eta aldi berean sormenerako, berrikuntzarako eta belaunaldien arteko elkarrizketarako espazioa irekitzea. Burdina —iron— beti izan da material bat baino gehiago: ahalegina, nortasuna eta komunitatea. Eta hori guztia presente dago, nolabait, proiektu honetan”.
Erakusketa bihar Mirandaolan irekiko dela ere gogoratu du. “Hemen, olagizonak oraindik ere sua pizten jarraitzen dute, gure arbasoek egiten zuten bezala. All Iron bisitatu aurretik, haiek lanean ikusteak, historiak eta arteak badutela zerbait amankomunean gogorazten digu: biak eskuen bidez forjatzen dira, denboraz, dedikazioz eta egiten denarekiko maitasunez”.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkie erakusketaren egileei, “lanaren, artearen eta oroimen partekatuaren balioan sinesten jarraitzeagatik”.
“Lanari, memoriari eta transformazioari begirada bat”
Eric Galvez alkateak, azkenik, erakusketa “lanari, memoriari eta transformazioari begirada bat” dela laburbildu du, eta gogoratu du Legazpik burdinarekin lotura historikoa duela, eta esan du “garrantzitsua” dela “gure izpiritua forjatzen jarraitzea, ez bakarrik burdinaren bitartez, baita artearen bidez ere”.
Amaitzeko, jende animatu du erakusketa ikustera, “badakidalako gustatuko zaizula, eta asko gozatuko duzuela”.













