Legazpin hasi dira Bularreko Minbiziaren aurkako egunaren inguruko jarduerak
Katxalin elkarteko kideekin batera, begizta arrosa zintzilikatu dute udaletxeko balkoian. Biharko Kulturen Arteko Egunean postua izango dute Katxalin elkarteko kideek.
Legazpin hasi dira urriaren 19ko Bularreko Minbiziaren aurkako Munduko Egunaren inguruko jarduerak, udalak eta Katxalin elkarteak batera antolatua.
Udaletxeko balkoian zintzilikatuta dago dagoeneko egun horren ikur bihurtu den begizta arrosa, eta gaurtik igandera bitartean fatxada kolore arrosaz argiztatuko du,“gizarte osoak gaixotasun horrekin duen konpromisoa gogorarazteko”. Gainera, atzoko LegazTipi-Tapa paseoan Katxalineko kide batzuk parte hartu zuten, sentsibilizazio helburuarekin.
Material salmenta
Gainera, Katxalinek kamisetak ditu salgai herriko hainbat gunetan. Aizkorri kaleko Didare mertzerian erosi daitezke, eta elkarteak Saturnino Telleria kaleko udal lokaletan duen egoitzan ere bai, hemen 17:00tatik 19:30era. Bestalde, elkarteak postu bat jarriko du biharko Kulturen Arteko Egunaren azokan. Eta hurrengo astean, kalera aterako dira eta ostiralean, urriaren 25ean herriko plazan izango dira, eta hurrengo egunean, Laubideko eta Kale Nagusiko Eroskiren denden parean.













