Ikatzak banatu ditu argazki rallyko eta Legazpi Hiria lehiaketako sariak
Gorka Gomez legazpiarrak irabazi du rallya, eta Oscar Mansok Legazpi Hiria. Azken lehiaketa honetara aurkeztutako lanen aukeraketa egin dute, eta erakusketa jarri dute ikusgai Kultur Etxean hilaren amaierara arte.
Ikatza argazkilari elkarteak banatu ditu Batis Goikoetxearen izena daraman argazki rallyko sariak, Legazpi Hiria estatu mailako lehiaketakoekin batera. Joan den ostiral arratsaldean egin zuen horretarako ekitaldia, Kultur Etxean.
Bi lehiaketetara aurkeztutako lanak proiektatu zituzten aurretik, eta sariak eman eta gero, Legazpi Hiria lehiaketako lanekin osatutako erakusketa ireki zuten. Erakusketa urriaren 31ra arte egongo ikusgai, astegunetan, 17:00etatik 20:00etara.
Argazki rallya
Argazki rallyko sariak banatu zituzten lehenik. Irailaren 17an egin zuten, eta irabazlea Gorka Gomez legazpiarra izan da. Bigarren Ruben Caceres izan da bigarena, Javier Lopez Fabian hirugarrena, eta Jose Venegasek herriko saria jaso du. Gazteen mailan, Nahikari Barros izan zen irabazlea, eta Legazpiko Urko Agirre bigarrena.
Argazki rallyan 59 argazkilarik parte hartu zuten. Euskal Herri osokoak ziren: Donostia, Tolosa, Beasain, Orereta, Irun, Durango, Burlata, Zalla… Epaile lanetan Carlos De Cos, Manu Barreiro, Sonia Montejo eta Ainhoa Mariarena aritu ziren.
Legazpi Hiria
Ekitaldi berean, Legazpi Hiria estatu mailako argazki lehiaketako sariak ere banatu zituen Ikatzak. Lehiaketa honetan 99 egileren 293 lan jaso ditu elkarteak, eta egileak Euskal Herrikoak, Madrilekoak, Valentziakoak, Bartzelonakoak eta Murtziakoak dira, besteak beste.
Epaileak, berriz, Angel Sakatxa, Imanol Zubiagirre eta Sonia Montejo izan dira. Oscar Manso izan da aurtengo irabazlea, Life izeneko argazkiarekin, Kini Mercado bigarrena Infinito argazkiarekin, eta Alexander Molano hirugarrena, Vilanculosen arrantzan lanarekin. Herriko saria Jose Venegasek jaso zuen, Corazon de cocor argazkiarengatik.
Sari banaketa ekitaldi honetan Eric Galvez alkateak eta Miryam Galilea kultura zinegotziak lagundu zieten Ikatzako kideei.














