Itxaropen auzora aldatu dute Legazpiko Ikasgela
Gaur ireki du udalak ikasleei zuzendutako zerbitzua. Saturnino Telleriareko lokalean, trafikoak eraginda zarata handiegia zegoela adierazi zuten erabiltzaileek, eta horregatik aldatu dute leku lasaiago batera.
Legazpiko Ikasgela Itxaropen auzoko 11. zenbakira aldatu du udalak, erabiltzaileek egindako eskaera bati erantzunez. Herriko ikasleei zuzendutako zerbitzu hau Saturnino Telleria kaleko udal lokaletan zegoen lehen, baina ondotik igarotzen den trafikoak zarata handiegia eragiten omen zuen. Hori dela eta aldatu dute egoitza Itxaropen auzora, ikasleek ikasteko behar duten isiltasuna bermatzeko.
Itxaropeneko Ikasgela 11. zenbakian dago, Helduen Hezkuntza zentroak erabiltzen zuen lokal batean. Guztira 20 ikaspostu ditu, eta ikasturte osoan erabil daiteke, uztailaren 10era arte: astegunetan, 08:00etatik 21:00etara; eta asteburuetan eta jaiegunetan, 09:30etik 20:30era.
Zerbitzua udalerrian erroldatuta dauden eta irakaskuntza arautuak egiten ari diren 18 urtetik gorako ikasleek erabili ahal izango dute, baita oposizioak prestatzen ari direnek ere.
Ikasgela erabiltzeko txartela behar da, eta dagoeneko eskatu daiteke udalaren www.legazpi.eus webgunean edo udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Eskaerarekin batera, 2025-2026 ikasturteko matrikularen egiaztagiria aurkeztu beharko da. Oposizioak prestatzen ari direnek akademiaren ziurtagiria edo izena eman duten oposizioaren agiria aurkeztu beharko dute.
Ikasgela zerbitzuaren hasiera
Udalak 2016ko abenduan eskaini zuen lehen aldiz ikasteko espazio bat, Bikuña jauregian, hain zuzen. Ekimenak oso harrera ona izan zuen, eta Musika Eskola lekuz aldatu eta Agirre-Etxeberrira eraman zenean, Saturnino Telleria kalean hutsik geratu zen espazioetako bat egokitu zuen horretarako, urte osoan zerbitzua eskaintzeko. Horrela, astegunetan eta asteburuetan erabili ahal izan da, 2020ko maiatzaren 24tik 2025eko uztailera.













