Ordizian "irisgarritasun unibertsala behingoz bermatzea" eskatu dio EAJk udalari
Talde jeltzaleak "premiaz jokatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, udalerriko hainbat puntutan antzemandako akatsak zuzentzeko".
Gregorio Iruretagoiena, Leire Bidaguren eta Joseba Aranburu EAJko zinegotziak.EAJ. Ordizian “irisgarritasun unibertsala behingoz bermatzea” eskatu dio EAJk udalari: “Ez da luxu bat, eskubide bat da”, diote. Era horretan, talde jeltzaleak “premiaz jokatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, udalerriko hainbat puntutan antzemandako akatsak zuzentzeko, hala nola Majori kiroldegirako sarbidea edo Garagartzako eskailerak”. Izan ere, EAJren esanetan, pertsona guztiek du eskubidea, “baita mugikortasun murriztua dutenek ere, udalerriko espazio eta zerbitzu publikoak berdintasunez” erabili ahal izateko.
EAJk prentsa ohar bidez nabarmendu du, Ordizian “oraindik zailtasun nabariak” dituzten puntuak daudela. “Adibidez, Oianguren institututik Majori kiroldegira sartzea ez da egokia, eta Garagartzako eskailerek ez dute barandarik goiko aldeko eskaileretan, eta horrek oinezkoentzako segurtasuna eta erabilerraztasuna murrizten ditu”. Era horretan, EAJk Ordiziako Udalari eskatu dio egoera horiek “berehala aztertzeko eta irtenbide zehatzak martxan jartzeko, irisgarritasunari buruzko araudia eta unibertsaltasun printzipioak betez”.
Joseba Aranburu Ordiziako EAJren udal taldeko bozeramaleak azpimarratu duenez, “pertsona guztiek espazio publikoak baldintza berdinetan erabili ahal izatea ez da luxua, eskubide bat da”. Beraz, “Udal Gobernuak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu. Irisgarritasuna ez da bigarren mailako kontua, ezta estetikoa ere: betebehar sozial, moral eta legala da”.
Bestalde Aranburuk gogorarazi du jeltzaleen helburua dela “Ordizia herri atsegin, seguru eta irisgarri bihurtzea, inor atzean utzi gabe”. Era horretan, “irisgarritasuna hobetzeak ez du esan nahi arrapala bat jartzea bakarrik; auzo eta kale bakoitzean oztopo fisikoak eta sozialak ezabatzea esan nahi du”, adierazi du. “Udalak borondate eta plangintza handiagoa erakutsi beharko luke. EAJ-PNVk proposamenak eta lankidetza eskaintzen ditugu, baina emaitzak eskatzen ditugu ”.
Talde jeltzalearen esanetan, gainera, irisgarritasunak ez die soilik eragiten desgaitasuna edo mugikortasun murriztua duten pertsonei, baita adinekoei, haur txikiak dituzten familiei eta beren herritik askatasunez mugitu nahi duten herritar guztiei ere.
Ordiziako EAJk “eskua luzatu” dio Udal Gobernuari, irisgarritasunaren hobekuntzan elkarrekin lan egiteko, baina ohartarazi du “Ordiziak ezin duela onartu diagnostiko eta aitzakien artean galdutako beste legealdi bat. Jokatzea erantzukizun kontua da. Herri inklusibo eta gizatiarra nahi badugu, irisgarritasunak benetako lehentasuna izan behar du ”, amaitu du Joseba Aranburuk.













