Urdaneta eskolaren eraberritzean lehen fasea amaituta
Lehen Hezkuntzako eraikineko estalkia eraberritu eta isolatu dute, eta itxitura berria jarri ere bai. 605.000 euroko inbertsioa izan da.
Urdaneta ikastetxearen Lehen Hezkuntzako eraikina.Ordiziako Udala. Ordiziako Urdaneta ikastetxea eraberritze lanetan murgilduta da. Udako oporraldia aprobetxatuz, azken hilabeteetan hainbat berrikuntza lanak egin dira. 605.000 euroko inbertsioarekin Lehen Hezkuntzako eraikinaren estalkia eraberritu eta isolatu da, eta itxitura berria jarri dira. Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen esanetan, “lehen fasea amaitu dugu. Estalkia berritzeko zegoen, eta zuloak ere bazeuden. Horiek konpondu egin dira, ez bakarrik itxuraz, baizik isolamendua hobetuz”.
Eskolako kanpoko aldean itxitura berria ere jarri dute. “Lehen zegoena berritzeko beharra zegoen, eta gainera atezain automatikoa ere jarri da kamararekin. Horretarako 30.000 euro bideratu ditugu”.
Haur Hezkuntzako eraikinean ere beste hainbat obra egin dituzte: “Solairu guztiak kolore zuriz margotu ditugu, argiteria LED sistemara pasa eta kortxoak jarri. 40.000 euroko inbertsioa izan da bertan egin duguna”, gehitu du alkateak.
Beste bi fase
Berrikuntza gehiago ere etorriko direla aurreratu du alkateak: bigarren fasean, fatxada eta arotzeriak berritzea, termikoki eraikina isolatuz, eta hirugarren fasean, eraikin guztiak lotuko dituen estalki bat jartzea. “Hurrengo bi faseetarako proiektuak lizitatuko ditugu eta udako oporrak, Gabonak eta Aste Santuak aprobetxatuko ditugu lan hauek egiteko, ikasleen hezkuntzan ahalik eta eragin gutxien izan dezaten obrek”.

Urdaneta ikastetxearen Lehen Hezkuntzako eraikina.













