Berrehundik gora ataundar auzolanean
Bi urtez behin egiten duten Jentilen Etorrera antzerki herrikoia egingo dute zapatuan; sarrerak agortuta daude.
Jentilen etorrera antzerki herrikoia, artxiboko irudian. Andoni Aizpurua Euskal Mitologian oinarritutako ekitaldia da Jentilen Etorrera, bi urtez behin Mitoaldiari amaiera emateko egiten den antzerki herrikoia; 1981ean ekin zion ibilbideari eta 40 urte baino gehiago daramatza bere bidea jorratzen. Oinarrian daude, besteak beste, Barandiaranek jasotako legendak, alegia, mitoak; aiton-amonek ataundarrei kontatzen zizkieten istorio eta ipuin harrigarriak. Jentilbaratza elkarteko kide Maitane Aizpuruak adierazi duenez, hark utzitako ondarea bizirik mantentzea da helburu nagusia: «Gure atzetik datozen belaunaldiek gure etxeetan eta baserrietan kontatzen ziren elezaharrak ezagutzea eta zabaltzen jarraitzea nahi dugu».
Bi zibilizazio. Lehena eta oraina. Bi mundu. Bizitza ulertzeko bi filosofia jartzen dituzte ikuskizunean aurrez aurre: elkarren arteko harremanak, ezin konponduak, ohitura aldaketak, sinesmenak… jentilak eta sorginak batetik, harpe eta kobazuloetan, beraien sinesmen eta ohiturekin; eta kristauak bestetik, beheko errekondo eta zelai-haranetan, sinesmen eta fede berriarekin. Pasarteen errepresentazioa ahalik eta aberatsena izan dadin, abestiz eta dantzez hornitzen dute ikuskizuna, baita bertsoz eta koplez ere.
Antzezlan berritua urtero
Ikusleek zapatuan ikusiko duten antzerkia orain arte sekula ikusi ez duten antzerkia dela ziurtatu du Aizpuruak. Izan ere, ikuskizunak oinarrian duen istorioa eta kondaira ezberdina izaten da urtero, eta beraz, oholtzaratuko diren pertsonaia mitologikoak ere ezberdinak izaten dira. Eta ez hori bakarrik; istorioa sortzeko prozesua ere, ezberdina izaten da beti. Batzuetan, istorio baten bizkarrezurra sortzen ahalegintzen dira eta ezagutzen dituzten kondairak txertatzen dituzte gero, eta, beste batzuetan, berriz, hasieratik garbi izaten dute antzeztu nahi duten kondaira. Hala ere, Aizpuruak ziurtatu du gidoia idazten hasten direnean joaten dela gaia bera forma hartzen.
«Gure atzetik datozen belaunaldiek gure etxeetan eta baserrietan kontatzen ziren elezaharrak ezagutzea eta zabaltzen jarraitzea nahi dugu»
Maitane Aizpuru. Jentilbaratza elkarteko kidea
Horrek ez du esan nahi ikuskizunean berezkoak diren pertsonaia mitologikoak ez daudenik. Kontrara. Jentilen Etorreran ere badira erroturik dauden pertsonaiak, baina Aizpuruak dio ez dutela urtero indar bera hartzen: «Batzuetan gainontzeko pertsonaia mitologikoek berezkoak direnak baino pisu gehiago izaten dute». Kristauen artean finkaturik leudeke, esaterako, alkatea eta San Martin Txiki; eta, jentilen artean, berriz, Torto, Otsoko eta Marimunduko.
Auzolanean eraikia
Jentilen Etorreraren arrakasta herriaren inplikazioan islatzen da, eta aurtengoa ere ez da gutxiagorako izango: 60 bat aktore, figurante eta dantzari izango dira oholtzan; beste 110 herritar izango dira kale ibilaldian (haurrak, gurasoak eta bestelako herritarrak); eta beste 30 bat lagun, azkenik, atzeko lanetan: sarrerak hartzen, egutegiak saltzen, parte-hartzaileentzat mokadutxoa prestatzen, trafikoa zuzentzen, oholtza gaineko dekoratua aldatzen… Kontuak kontu, berrehundik gora herritarrek parte hartuko dute. «Auzolanean herriak duen inplikazioa sekulakoa da; oso harro gaude», nabarmendu du Aizpuruak.
Emozioa, berriturik
Bestelako berrikuntzaren bat edo beste ere izaten da urtero. Orain bi urte, esaterako, kondaira ilunak txertatu zituzten, gaueko izakien zein sorginen bitartez haurrei beldurra eragitea helburu hartuta. Aurtengo ikuskizunean, «denetik» izango dela aurreratu du Aizpuruak: umorea, ikara, baina batez ere emozioa: «Eszena bakoitzak du hunkituaraziko gaituen zerbait».
Ongietorria aurrena
Lehen zatia San Martingo plazan izango da, publiko guztiarentzat irekia, 19:15ean hasita. Eguzkia ezkutatzen denean, jentilak menditik behera zuzien argitan jaitsiko dira, lamiak errekatik gora eta sorginak edonondik. Ongietorria egin, eta jarraian desfilean joango dira guztiak –aktore eta ikusle– Auzoeta kiroldegiraino.
Bi emanaldi izango dira. 20:00etan aurrenekoa, eta 22:00etan bigarrena. Lehen txandako sarrerak berehala agortu ziren, hamar-hamabost minutuan. Bigarrenerakoak, aldiz, bigarren egunean. Doan da, baina sarrerak agortuta daude.













