EH Bilduk Beasain biziberritzeko neurriak eskatu dizkio EAJren Udal Gobernuari
Legegintzaldiaren erdian, Beasaingo EH Bilduk udalaren «geldotasuna» salatu du. Etxebizitzan, zaintzan, merkataritzan eta euskaran jarri du lehentasuna EH Bilduk. Gobernantza irekiago eta parte-hartzaileago baten aldeko jarrera eskatu dute.
Hasier Agirre Beasaingo EH Bilduren ordezkaria.Ariane Vierbücher Bi urte igaro direnean legegintzaldia hasi zenetik, Beasaingo EH Bilduk balantzea egin du, herriaren egoeraren inguruko irakurketa plazaratuz eta datozen bi urteetarako erronka nagusiak zehaztuz. Koalizio abertzalearen esanetan, «Beasainek potentzial handia du, baina bizitasuna apaltzen ari da, eta horri buelta emateko lidergo eta anbizio handiagoa behar dira udalaren aldetik».
EH Bilduren iritziz, Beasain herri aberatsa eta dinamikoa da, elkartegintza oparoa, merkataritza bizia eta industria egituratua dituelako. Hala ere, azken urteotan, «bizitasun hori apalduz doala» ohartarazi dute: elkarteetan eta merkataritzan erreleboa emateko zailtasunak, desberdintasun sozialak, zaintza-beharren hazkundea, zerbitzu publikoen gainbehera eta etxebizitza arazoak aipatu dituzte arrazoi nagusi gisa.
Koalizioaren ustez, gazte asko kanpora joateak eta merkataritzaren beherakadak herriaren dinamismoan eragin zuzena dute: «Gazteak joatean, herriko martxa apaltzen da, eta denda txikien itxierak auzoak pobretzen ditu, ez bakarrik ekonomikoki, baita sozialki ere».
Anbizio handiagoa
Beasaingo EH Bilduko udal ordezkariak atzoko prentsaurrekoan.
EH Bilduren arabera, EAJren Udal Gobernua «motel» dago eta «proposamen berriak baztertzen ari da». «Erronkak ez dira errazak, baina Beasainen bizitasuna berreskuratzeko ekintza ausartak eta erabaki irmoak behar dira. Aurrera ez egitea, atzera egitea baita», adierazi dute.
Hala ere, koalizioak azpimarratu du bere jarrera «eraikitzailea eta proposamenetan oinarritua» izan dela, eta hainbat ekimen aurkeztu dituela azken bi urteetan. Horien artean daude Gaztelekua eta ludoteka, Olaran berritzeko proiektua herriko eragileekin batera definitzea, elkartegintzaren erreleboa eta burokrazia arintzeko planak egitea, eta udal zerbitzuetan hobari-sistema berriak ezartzea.
Beste proposamen batzuen artean Pepe Mujika herriko seme kuttun izendatzeko eskaera, azpikontratatutako langileen lan-baldintzen jarraipena edo Esteban Lasa kaleko obretan eragindako kalteen ardura udalak hartzea aipatu dituzte, eta jaietako txosna auziaren inguruan EAJk egindako kriminalizazioa salatu dute.

Beasaingo EH Bilduko udal ordezkariak atzoko prentsaurrekoan.Ariane Vierbücher
Lau erronka nagusi
Aurrera begira, Beasaingo EH Bilduk lau lehentasun nagusi jarri ditu mahai gainean. Batetik, etxebizitza eskubidea bermatzea, gazteen ihesa geldiarazteko eta herrian bizitzeko aukerak errazteko. Bigarrenik, zaintza eredua berritzea, herri zaintzaile bihurtzeko eta adinekoen bakardadeei erantzuteko tresna berriak sortuz. Hirugarrenik, merkataritza biziberritzea eta erreleboa sustatzea, denda txikien eta auzoen dinamismoa indartzeko. Eta laugarrenik, euskara eta euskal kultura indartzea, hezkuntzaren, kirolaren eta kulturaren bidez, digitalizazioaren erronkari eta kulturartekotasunari erantzunez.
Azkenik, EH Bilduk «gobernantza ireki eta parte-hartzailean» sinesten duela adierazi du. «Egiteko moduak aldatu behar dira. Alderdikeria albo batera utzi eta herri-proiektuak lehenetsi behar dira. Herritarrekin batera eta elkarlanean, gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinesten dugu», azaldu dute, eta lanean jarraituko duela iragarri dute.













