Izadi Zaleak eta Lekanazpi, elkarren kontra lehian Ardanbidetako erromerian
Igandeko festarako bota diote elkarri erronka. Hainbat kirol proba prestatu dituzte, eta zein taldek azkarrago egin da apustua.
Lekanazpi elkarteko Jon Larrañaga eta Izadi Zaleak elkarteko Javier Zubizarreta, epaile lanak egingo dituen Kimu-Berriko Ruben Garmendia erdian dutela. Igandean Ardanbidetan ospatuko den erromeriak lehia kutsua ere izango du, Izadi Zaleak eta Lekanazpi elkarteetako bazkideek elkarren kontra botatako desafioa medio. Hainbat kirol proba egin beharko dituzte, eta zein taldek egin azkarrago da apustua.
Izadi Zaleak eta Lekanazpi Kimu-Berri elkartearen laguntzaile dira Ardanbidetako erromeriaren antolaketan. Lehenak mendi irteera prestatzen du, eta bigarrenak, bazkaria. Aurten ere ez dute huts egingo horretan, eta festa egunean pizgarri bat eskainiko dute gainera, desafio horrekin.
Herri kirol desafioa
Iazko erromeriako bazkalondotik datorren desafioa da. “Bazkal oste askotan gertatzen den bezala, apustu grinak pizten dira”, azaldu dute bi elkarteetako ordezkariek, eta aurreko urteko bazkariko kafe garaian Lekanazpko gazteek apustua bota zioten Izadi-Zaleak elkarteko bazkideei, eta haiek jaso egin zuten.
Urte betera, hemen dira bi elkarteko kideak, agindutakoa betetzeko prest. Desafioa 12:00etan hasiko da, eta hainbat proba izango dituzte egiteko: bizikleta, korrika, oskol jasotzea, ingudea, giza proba, trontza eta ariketa matematikoak. Lekanazpiko kapitaina Jon Larrañaga izango da eta Izadiko kapitaina Javier Zubizarreta. Epaile lanetan, berriz, Kimu-Berri elkarteko ordezkariak izango dira.
Norgehiagoka horrek piztuko duen festa giroari jarraipena emateko, 14:00etan babarrun jana egongo da, doan. Eta “musikarik gabeko erromeriarik existitzen ez delako”, Jon Altolagirre, Ane Arrizabalaga eta Iker Zeberio arduratuko dira atal horretaz trikiti doinuekin eta kantuekin.
Egun osoko festa
Kimu-berri elkarteak antolatzen du Ardanbidetako erromeria, eta aterpetxe horren inguruko zelaietan ospatuko da, egun osoan. Taberna zerbitzua izango da, zaldi paseoak eta arku tiraketa erakustaldiak, bazkaria eta musika. Autobus zerbitzua ere izango da Laubideko biribilgunetik, goiz eta arratsaldez, 10:00etatik aurrera.
Erromeria hau urteetan Zingi Zango euskara elkarteak Agorreko Santikutzetan antolatzen zuen festaren ondorengoa da. Elkartea desegin zenean, Kimu-berri aterpea kudeatzen dutenek hartu zuten erreleboa, eta urriko azken igandean hasi ziren antolatzen duela urte gutxi.
Igandeetan, salda eta txorizoa
Kimu Berri aterpea 1982ko urriaren 24an inauguratu zuten, hilabetetan zehar ikastolako hainbat gurasok eta beste legazpiar batzuk eraikina jasotzeko lan gogorra egin ondoren. “Batzuek igeltsero lana egin zuten, beste batzuek harriak garraiatu, izan zen arotz eta iturgin lana egin zuenik ere. Auzolanaren exenplu garbia”, diote aterpetxe horren inguruan sortutako elkarteko kideek, eta gogoratu dute “bere garaian auzolanean eta lan boluntarioaren bidez hasitakoak” bizirik dirauela oraindik. Izan ere, igandero, irailetik ekainera bazkideek txandak egin eta txorixo egosia eta salda banatzen dute dohainik aterpetxean, eta urtean behin erromeria ere antolatzen dute inguruko zelaietan.













