Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileei zuzenduta, Sendian programa jarriko dute martxan Legazpin
Psikologo batek gidatutako taldeko saioak egingo dira, azaroaren 3an jarriko dira martxan. Doakoak dira, baina izena eman behar da Gizarte Zerbitzuetan.
Nerea Lopez de Heredia Gizarte gaietako zinegotzia eta Sheila Alonso udaleko gizarte langilea, Gizarte Zentroaren aurrean.Tere Madinabeitia Adineko pertsonen eta mendekotasunen bat duten legazpiarren kopurua geroz eta handiagoa dela ikusita, Legazpiko Udaleko gizarte zerbitzuen arloak programa bat jarri du abian, horien senitarteko zaintzaileei zuzenduta. Sendian programa da, eta azaroaren 3an jarriko da martxan.
Zaintzaren ekosistemaren udal estrategian kokatzen da Sendian programa, eta Gizarte Zerbitzuetan familiako zaintzaileen artean detektatu dituzten premiei erantzuna ematera dator. Arlo horretako Nerea Lopez de Heredia zinegotziak eta Sheila Alonso udaleko gizarte langileak eman zituzten atzo xehetasunak.
Mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten senitartekoen artean beharrak ugariak dira, “eta ez dira instrumentalak bakarrik”, Lopez de Herediak azaldu zuenez, “babes emozionala behar dutela ere argi antzeman dugu”. Horren aurrean erabaki dute Sendian programa jartzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. “Ez da programa ezezaguna Legazpin, duela urte batzuk martxan izan genuelako, arrakasta handiarekin, gainera”.
Sendian programa Gizarte Zentroko gela batean gauzatuko da, “legazpiarrak herritik mugitu ez daitezen”. Doako zerbitzua izango da, eta psikologo batek gidatuko du.
Izena eman behar da
Sheila Alonsok azaldu zuen Sendian programaren ardatza psikologo batek gidatuko dituen taldeko saioak izango direla. Zaintzaileei dago zuzenduta, eta “elkar babesteko talde bat sortzea da asmoa”. Horretarako espazio “seguru bat” eskainiko zaizkie, “bere sare soziala zabaltzeko balioko duena batetik, eta esperientziak elkartrukatzeko bestetik. Esperientzia horiek oso pertsonalak izan daitezke, baina besteekin konpartituta, gaixotasun batzuen eta horiek eskatzen dituzten zainketen inguruan dauden estigmak arintzeko balio dezakete”. Azken batean, “egoera bera bizi dutenen arteko laguntza erraztea” da helburua, zaintzaileek “zainketek dakartzaten zailtasun emozional eta pertsonalen aurrean beren baliabide pertsonalak eta konponbide egokienak ezagut ditzaten”.
Sendian babes taldearen bilerak astelehenetan izango dira, hamabostean behin, 15:15etik 16:45era arte, Gizarte Zentroko goiko solairuko gela batean. Parte hartzeko baldintza da zaintzaileek zaintzen duten pertsonak menpekotasun balorazioa eginda izatea, eta eskaerak udaletxean dauden Gizarte Zerbitzuen bulegoetan egin behar dira, “urteko edozein unetan”.
Lopez de Herediak zehaztu du ez direla formakuntza saioak, baizik eta esperientziak trukatzeko espazio bat, eta “oso beharrezkoa” dela deritzo, “besteak beste, zaintzen duten pertsonarekin aplikatu ditzaketen jarraibideak emango dituztelako”. Talde “bizia eta irekia” izango dela nabarmendu du amaitzeko, eta “lagungarria” izango dela herriko pertsona nagusien ongizaterako.














