Ordiziako Plaza Nagusiko Gau Beltza
Urriaren 31n izango da. Eskulan tailerra, photocalla, gaztaina erreak, Oreka antzerki ikuskizuna eta Lurhats musika taldea izango dira Ordiziako eragile desberdinen artean antolatuta.
Gau Beltza aurkeztu dute gaur Ordizian. Gau Beltza ospatzea ez da berria Ordizian, Hitzaro euskara elkarteak urteak baitaramatza auzo ludoteketan lantzen baitute urriko ostiraletan. Urriaren 31n, gainera, eskean ere ibiltzen dira haurrak.
Dena den, aurten, aurrerapauso bat gehiago egin nahi izan dute Ordizian, udalak eta eragile desberdinek elkarlanean. Gaur goizean Izaro Intsausti kultur teknikariak aurkeztu du urriaren 31ko egitaraua. “Euskal kulturan tradizio eta ohitura asko dauzkagu eta azken urteetan ikusten genuen Gau Beltza indarra hartzen ari dela. Aurten pentsatu dugu herrian pauso bat ematea eta herrian leku bat ematea Gau Beltzari. Eta ze leku hobea, herriko plaza baino”.
Egitaraua
- 19:00etan, haurrentzat eskulan tailerrak, Marta Artekin. Photocalla mozorroekin argazkiak ateratzeko, Ortzadar argazki taldekoekin. Gaztaina erre salmenta, Ordizia Errugbiko lagunen eskutik.
- 20:00etan hasiko da, Oreka antzerki-zirku ikuskizuna. Gau Beltzan oinarrituta. Ordiziarrocken bitartez, Lurhats musika taldea.
Intsaustik aurreratu duenez, “datorren urterako, urriaren 31 larunbata izango denez, nahiko genuke ikastetxeetara eta komunitate desberdinetara luzatzea deia, eta herritik eta herriarentzako sortuko den ekintza bihurtzea Gau Beltza”.













