VIII. Mitoaldia borobildu du larunbatean Auzoeta kiroldegian egindako antzezpen bikoitzak. 'Jentilen Etorrera' ikuskizunak berrehundik gora partaide izan ditu, eta 1.500 ikusle inguru elkartu.
Baso eta mendiak bizileku dituzten jentil, sorgin eta beste hainbat izaki beren bizilekuetatik atera eta Ataungo herrira jaitsi ziren joan den larunbatean. Euria dela eta, San Martingo plazan egin ohi duten harrera eta handik Auzoetara bitarteko desfilea ez zuten egin, baina bai kiroldegiko antzezpen bikoitza, lehena 20:00etan, bigarrena 22:00etan.
Berrehundik gora herritar aritu dira auzolanean 2025eko
Jentilen Etorrera ikuskizunean, eta 1.500 ikusle inguru erakarri dituzte. Gonbidapen-sarrera denak agortuta zeuden.
Eate abesbatzaren abesti banak ireki eta itxi zuen larunbateko antzezpena. Otsoak dantza taldeko dantzariek ere ez zuten hutsik egin, ezta izaki mitologikoek ere: Torto, Marimunduko, Otsoko eta Osiñe jentilburuak, haren seme Atakabi –gizotxo bihurtua– sorginak… San Martin txiki ere bai tartean, baita alkate jaun-andereak, On Ramon apaiza, baserritarrak eta pizti harrapariak ere, besteak beste. Aurtengo esatariak Aitzol Barandiaran eta Mareu Apalategi izan dira.

Jentilek eta Tortok gizotxo bihurtzen zen Atakabi jentila harrapatu zuten unea.Jentilbaratza K.E.
Inesa eta Atakabi pertsonaia nagusi
Arrikolatza baserriko Maalenen eta Joakinen zazpigarren umearen jaiotza da istorioaren abiapuntua. Aurrez sei alaba izanak, zazpigarrena ere neska jaioz gero sorgin izateko aukerak kezka piztu zuen herrian, apaizarengan bereziki. Eta alaba izan zen hura ere, Inesa izenekoa. On Ramon apaizak argi adierazi zion Joakin aitari ez zuela bataiatuko, eta Marimundukok ongi etorri hitz goxoak eskaini zizkion jaioberriari.
Atakabi izan da aurtengo beste protagonista nagusietako bat. Bere egunean otso zuri batek hozka egin zion, eta gizotxoa bihurtzen zen, odol-egarri ase ezineko pertsonaia. Hark egindako okerrak Tortok eta apaizak iritzi bera izatera gidatu zituen. Atakabi gizotxoa harrapatu eta hil artean, ez zela bakerik izango Ataungo kale eta mendietan. Otsoko aita jakitun zen semearen ibilerez, Osiñe amak ez zuen halakorik ikusi nahi.
Inesak eta Gizotxok topo egin zuten basoan halako batean, elkar laguntzeko borondatea bazuten, baina patu krudela zuen otso bihurtzen zen jentilak. Harrapatu zuten jentilek beraiek, kaiolan sartu ere bai, eta plaza erdira eraman ere bai, lepoa moztu ziezaioten.
Antzezpen guztian makina bat gorabehera eta tirabira izan zituzten arren, elkarrekin bat eginda amaitu zuten ikuskizuna mendiko izakiek eta kaletarrek.
Antolatzaileen esker ona
Jentilbaratza elkarteko antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartzaile guztiei, “egindako lan bikainagatik”. Datorren urtean Gaueko ibilaldi mitologikoaren txanda da, eta bi urte barru Jentilen Etorrera antzezpenarena. “Ataunen mitologia bizirik dagoela erakutsi dugu beste behin ere”, nabarmendu dute Jentilbaratza elkartekoek.
ARGAZKIAK: Andoni Aizpurua, Eneko Amundarain eta Iñaki Gurrutxaga