Hilabete eta erdiko Mitoaldia, zortzigarrenez
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan eman dute Mitoaldiaren zortzigarren edizioaren berri. Larunbatean hasi eta urriaren 25era arte luzatuko da.
Gaur goizeko aurkezpeneko irudia.Izaro Villarreal Ataunen zortzigarrenez piztuko dira euskal mitologiaren inguruko kondairak eta beste behin ere hilabete eta erdi luzez Ataungo herria mito eta ahozko tradizioaren epizentro bilakatuko da. Herriko eragileek prest dute auzolanean ondutako VIII. Mitoaldia. Larunbatean hasiko da, irailaren 13an, eta urriaren 25era arte ipuin, kondaira, hitzaldi eta ibilaldiez osaturiko jardunaldi zabala izango dute ataundarrek.
Gaur goizean aurkeztu dute Mitoaldia, udaletxeko ganbaran egindako prentsaurrekoan. Egitarauaren berri emateaz gain, Jentilbaratza kultur elkarte antolatzaileko kidea den Maitane Aizpuruak mitologiaren ondarea zabaltzeak duen garrantzia adierazi du: “Berrogehi urtetik gora daramagu euskal mitologia bizirik mantentzeko ahaleginetan”. Urte guztian garatu dituzte ekimenak eta emanaldia, hasi formatu txikiko ipuin kontaketetatik, eta urriaren 25ean 1.500 bat lagunek ikusiko duten Jentilen Etorrera antzezpena antolatzeraino. Jasotako ondarea baliozkotzea, ezagutarazten jarraitzea eta ahalik eta gehien zabaltzea dira egiten duten lanaren motorra, bai mitoaldian eta baita urtean zeharreko bestelako ekitaldietan ere.
Estreinaldiarekin hasiera
Larunbatean emango diote ekimenari hasiera, Asisko Urmeneta nafar irudigileak ondutako ‘Sorgina banaiz’ dokumentalaren proiekzioarekin. Arratsaldeko 19:00etan proiektatuko da, Herri Antzokian. Plaza mugatuak izango dira eta aurrez izena ematen dutenek lehentasuna izango dute. Doakoa da. “Modu intuitiboan hasitako lan kooperatiboa” izan dela aitortu du Urmenetak, urte eta erdiko denboran ondutakoa. Behin Ataunen proiektatutakoan, iluntzeko 21:30ean telebistan ikusteko aukera izango dela azadu du, Hamaika Telebistan, Kanalduden eta Xaloan.
Herri ekimen landua
Martin Aramendi alkateak ere Mitoaldiak kulturari eta hizkuntzari egiten dioten ekarpena azpimarratu nahi izan du: “Oso hizkuntza zaindua erabiltzen da, eta galduta dauden hitzak berreskuratzeko balio du, besteak beste”. 1981ean hasita, Jentilen Etorrera ekimenarekin belaunaldi asko hazi direla gogorarazi du alkateak, eta ataundarrei “ilusio berezia” egiten diela gaineratu du. Urriaren 25ean ikusi ahal izango da Mitoaldiari amaiera emango dion antzezlan herrikoi eta landua. Bi saio izango dira, 20:00etan eta 22:00etan, eta sarrerak urriaren 10ean webgunean eskuragai jarriko dituzten arren, urriaren 9an sarrerak aurrez jasotzeko aukera izango da San Martingo plazan (buruko bost sarrera hartu daitezkeela jakinarazi dute).
“Herri ekimen jendetsua” izaten dela aitortu du, izan ere, publiko zabala erakartzeaz gain, 150 ataundar inguruk “auzolanean” parte hartzen dute. Hala, herritarrei zein kanpokoei bertaratzeko deia egin die alkateak.
Egitaraua
Irailak 13, larunbata: ‘Sorgina banaiz’ dokumentalaren estreinaldia. 19:00etan, Herri Antzokian.
Irailak 21, igandea: Ipuin kontaketa antzeztua Barandiaran museoan. Bi saio: 10:30ean eta 12:00etan. Plaza mugatuak (izen emateak museoan).
Irailak 28, igandea: Leizeta edo Antonen Kobara irteera 8:30ean San Martingo plazatik abiatuta. Jon Fontenla gidari. 90 minutuko ibilaldia. Aurrez izena eman.
Irailak 30, asteartea: Euskal mitologiaren inguruko hitzaldia, Isabel Milleten eskutik. 19:00etan Barandiaran museoan.
Urriak 7, asteartea: Garai bateko usadio, bizimodu eta erritualen inguruko hitzaldia Juan Karlos Etxegoienen eskutik. 19:00etan udaletxean.
Urriak 17, ostirala: Aitzol Saratxagaren ‘Ehiza’ film laburraren proiekzioa eta solasaldia.19:00etan Herri Antzokian.
Urriak 25, larunbata. Jentilen etorrera ikuskizuna. Bi saio: 20:00etan eta 22:00etan kiroldegian. Aurrez ongi etorria 19:15ean San Martingo plazan.












