Izadi Zaleak irabazle, Lekanazpiri botatako desafioan
Kimu Berri elkarteak Ardanbidetan antolatutako erromerian neurtu ziren bi taldeak kirol probetan. Errebantxa eskatu dute Lekanazpikoek. Erromerian giro bikaina izan zen, eguraldiak asko lagundu bazuen ere.
Izadi Zaleak elkarteko kideak laranjaz, eta Lekanazpikoak zuriz.Kimu Berri Atzo goizeko euriak ez zuen eragotzi Ardanbidetako erromeria ospatzea eta Izadi Zaleak eta Lekanazpi elkarteen arteko kirol desafioa burutzea. Kimu Berri elkarteak egindako deialdiari erantzunez, ehunka legazpiar inguratu zen aterpetxe horren inguruko zelaietara, eta jatekoaz, edatekoaz eta musikaz lagunduta, egun bikaina igaro zuten bertan, festa giroan. Izadi Zaleak eta Lekanazpiren arteko norgehiagokak ere ederki lagundu zuen festa giro horretan.
Behe lainoarekin hasi zuten eguna, baina Ardanbidetara hurbildutako herritarrek laster ahaztu zituzten eguraldi kontuak, Kimu Berri elkarteak prestatutako salda beroa eta txorixoa dastatzean. Edaririk ere ez zen falta inguruan.
Goizean zehar, aterpean herriko musikariekin dantzan egiteko aukera izan zuten bertan elkartutakoek, eta ondoko zelaietan Luma elkarteko lagunekin arku tiraketa probatzera ere gerturatu ziren asko.
Baina goizeko hitzordu nagusia 12:00etarako zegoen jarrita, Izadi Zaleak eta Lekanazpi elkarteen arteko erronkarekin. Bizikletaz zein korrika Harraunditera igo ziren, gero elkarteetako gaztetxoek oskol jasotze proba egin zuten, eta ondoren, ingudean 25 jasoaldiko bi pase egin zituzten. Kirol desafioa amaitzeko, trontzan hiru korte, eta ariketa eta ariketa artean buruketa matematiko bat egin behar zuen taldeko beste kide batek.
Pareko joan ziren bi taldeak proba osoan zeha,r eta trontzaren azkeneko kortean erabaki zen erronka Izadiko kideen alde.
Kirol lanak egin ondoren, 14:00 aldera ehun-bat lagunek Kimu Berrin aterpetxean prestatuko babarrun janaz gozatu zuten, eta bazkalondoa Jon Altolagirre, Ane Arrizabalaga eta Iker Zeberio musikariek girotu zuten, trikiti, pandero eta gitarrarekin.
Eguna bukatzerako errebantxa eskaera egon zen, eta errebantxari baiezkoa emanda, ekainean egitea erabaki zuten. Bikuña-eneako plazan elkartuko dira bi elkarteak, eta oraingoan bezala, Kimu Berri epaile izateko prest agertu da.
ARGAZKIAK: Kimu Berri















