'Biztanlerik gabeko etxeko biztanleak' antzezlana taularatuko du Urrupek
Jardiel Poncelaren komedia klasikoa euskarara egokitu du, eta urriaren 31an antzeztuko dute Usurbe Antzokian, Rosa Rojoren zuzendaritzapean.
Ordiziako Urrup antzerki taldeak Jardiel Poncelaren Biztanlerik gabeko etxeko biztanleak antzezlana eskainiko du urriaren 31an, ostiralean, 20:30ean, Beasaingo Usurbe Antzokian. Sarrerak sei euroan salgai daude antzokiko leihatilan eta usurbe.eus atarian.
Rosa Rojoren zuzendaritzapean, Gorka Lariz, Jose Luis Elorza, Marisol Cavero, Miguel Angel Veliz ‘Lillo’, Ana Martinez, Itsaso Ortega, Oskar Rebelo, Oihan Gorostiaga eta Urtzi Gorostiaga izango dira oholtzan. Antzezlana euskaraz eskainiko da, taldeak berak egindako egokitzapen eta itzulpen lanari esker. Julen Iraola arduratuko da soinuaz eta argiztapenaz.
Sinopsia
Jardiel Poncelaren komedia klasiko honetan, kazetari bat eta bere txoferra baso erdian geratzen dira matxura baten ondorioz, eta aterpe bila etxe misteriotsu batean sartzen dira. Hantxe, fantasmagoriaz eta zentzugabekeriaz beteriko egoerak biziko dituzte, umorea eta misterioaren arteko oreka jostalari batean.













