Lazkaoko behin-behineko anbulatorioaren instalazioak aldaketak eragingo ditu gaur eta bihar
Mikelar 8-12 arteko bidea behin-behinean itxita egotea, oinezkoentzako pasabideak murriztea, aparkalekuak lekuz aldatzea eta ibilgailuen sarbidea mugatzea ekarriko du.
Lazkaoko Osasun Zentroa, kanpotik. L.U. Lazkaoko anbulatorioa eraitsi eta azaleran hiru aldiz handiagoa izango den osasun zentro berria eraikitzeari ekingo dio urte amaieran Osasun Sailak, baina aurreneko urratsak ematen hasi da dagoeneko. Osakidetzak behin-behineko anbulatorio bat jarriko du ikastolako kantxan, Mikelar inguruan, eta gaur eta bihar gauzatuko da horren instalakuntza.
Gaurtik biharrera, hala, asistentzia-gune berria osatuko duten hainbat etxola jarriko dira, eta eragina izango du lazkaotarren egunerokoan; izan ere, esku-hartzeak zuzenenean eragingo dio mugikortasunari. Batetik, Mikelar 8-12 arteko bidea itxita egongo da ibilgailuentzat, eta etxolak garraiatzeko ardura duten kamioiak plazako bidetik sartuko direnez, oinezkoentzako pasabideak murriztea ekarriko du. Bestetik, gune berean garabiak kokatuko direnez, Mikelar 12ko garajeak ezingo dira erabili lanek dirauten bitartean, eta Mikelar 6-11 eta 13 arteko aparkalekuetan ezingo da ibilgailurik sartu edo irten garabiak martxan dauden bitartean.
Azkenik, Elosegi 3-5eko lurpeko garajeetarako irisgarritasuna bermatzeko, Mikelar 1 eta Mikelar 6 arteko bide-zatiak zirkulazioaren bi noranzkoak izango ditu aldi baterako.













