Minbiziaren inguruko esperientziak eta elkartasunaren indarra Igartzako jauregian
Bi liburu solidarioren aurkezpenekin, minbiziaren ondorengo bizipen fisiko, emozional eta sozialei buruzko hausnarketa egingo dute azaroaren 2an.
Elordi Garcia, atzo Lazkaon, liburu berriarekin. Aimar Maiz Azaroaren 2an, 17:30ean, Beasaingo Igartzako Jauregian minbiziaren inguruko bizipen errealak, albo ondorioak eta elkartasunaren balioa izango dira ardatz. Ekitaldian, bi liburu solidario aurkeztuko dira; Elena Ginaren (Min)bizi eta Elordi Garcia Insaustiren Imparavle hasta la medula, biak ala biak bizipen pertsonaletik eta gizarte konpromisotik sortuak.
Ekitaldia Oihana Sarasola kazetariak aurkeztuko du, eta literaturaren, osasunaren eta esperientzia pertsonalen bidez, minbizia gainditu dutenen eguneroko errealitatean sakonduko du. Antolatzaileen hitzetan, “minbizia gainditzea ez da amaiera; gizarte osoaren ardura da pertsona horien ongizate fisiko, emozional eta soziala zainduko duen eredu bat eraikitzea”.
Mahai inguruan, hainbat arlotako profesionalek parte hartuko dute. Maitane Ormazabal, psikologoa, ondorio emozionalez arituko dena; Eluska Gonzalez, dietista, elikaduraren garrantziaz jardungo duena; Maren Martin de Rituerto, BioGipuzkoako ikerlaria, kirolaren eragin onuragarriez hitz egingo duena; eta Elordi Garcia bera, La Higuera elkarteko sortzailea, tratamenduek antzutasunean eta osasun sexualean izan ditzaketen ondorioez hitz egingo duena.
Aurkeztuko diren bi liburu solidarioek helburu sozial argia dute: (Min)bizi liburuaren salmentekin lortzen denaren zati bat Izan Iñurri elkarteari bideratuko zaio; eta Imparable hasta la medula liburuaren salmentek Josep Carreras Fundazioaren ikerketa lanak lagunduko dituzte.
Ekitaldia doakoa da eta herritar guztiei irekita dago













