AHTaren 'hirugarren bideaz’ informaziorik ez izatea kritikatu dute Goierriko alkateek
EAE eta Nafarroa lotuko dituen AHTaren proiektuaz informazio nahasia zabaldu da. Beasainen, Idiazabalen eta Olaberrian zundaketak egin beharko dituzte; Ataun, zain dago. Aralar inguratuko lukeen ‘hirugarren bideaz’ informazio ofiziala eskatu dute.
Abiadura Handiko Trenaren zubibide bat, Beasaingo Arriaran auzoan. Hitza Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa lotuko dituen Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuak berriro ere eztabaida piztu du. Urteetako azterketa teknikoen, ingurumen-alegazioen eta instituzio zein alderdi politikoen arteko desadostasunaren ostean, Aralar mendilerroa zeharkatu ordez inguratzea proposatzen duen hirugarren bidea mahai gainean jarri da, «ingurumen-inpaktua murrizteko» asmoz.
Orain arte bi aukera nagusi egon dira indarrean. Alde batetik, Aralar mendilerroa zeharkatzen duen bidea. Hasierako proposamen ofiziala, zeinak Ezkio eta Zuasti (Nafarroa) artean 22 kilometro inguruko tunel bat egitea aurreikusten zuen. Aukera horrek, ordea, ingurumenari kalte handia egingo liokeela ohartarazi dute udalerrietako ordezkariek zein proiektu honen aurkako eragileek, Aralar lurzoru karstikoa duen espazio natural babestua baita, eremu zaila lan hidroteknikoetarako.
Beste alde batetik, Arabatik igarotzen den alternatiba, Gasteiztik abiatuta Nafarroara iritsiko litzatekeena. Azpiegituraren eraikuntza merkeagoa eta errazagoa litzatekeen arren, Gipuzkoa trenbide-sare nagusitik kanpo utziko luke.
«’Hirugarren bidea’-ren exekuzioa planteatzen ari badira, informazio argia eman diezaguten eskatzen dugu»
Iñaki Alberdi. Idiazabalgo alkatea
Azken asteotan hedabideetan zabaldutako informazioaren arabera, Espainiako Gobernuak Aralarko mendilerroa inguratuko duen bidea hobetsiko du, hirugarrena, Nafarroako AHTa Ezkiora lotzeko. Bide berriak egungo trenbidearen paraleloan egingo luke aurreneko zatia Gasteizko noranzkoan. Eta Etxarri-Aranatzen biratu ordez Bakaikuraino joango litzateke, han iparralderantz hartzeko. Helburua litzateke trenbidea Aralar eta Altsasu artean igarotzea; nahiz eta pasabide hori nondik igaroko den erabakitzea falta den.

Zundaketa makina Ataunen, 2023an.Hitza
Zundaketak Goierrin
Zentzu horretan, Beasainen, Idiazabalen eta Olaberrian –ikusteke dago Ataungo lurretan egin beharko diren ala ez– hirugarren alternatibako zundaketak egiten hasiko direla baieztatu zuen iragan astean Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Estatu Idazkariak, eta horrek ere desadostasuna ekarri du Ministerioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean. Ministerioak adierazi du katak egiterako orduan Eusko Jaurlaritzak 2018an egindako proposamena —Aralar inguratzea aurreikusten duen hirugarren bidea— hartu duela oinarri. Aldundiak, baina, salatu du esleipen-kontratuaren dokumentazioak bestelako asmoa jasotzen duela: zenbait zundaketa Aralarko Parke Naturalean bertan egitea aurreikusten baita, hasierako trazadura zaharraren ildotik.
«Bigarren bideko zundaketetarako baimena tramitatu zuten; hirugarrenari buruz ez dakigu ezer»
Martin Aramendi. Ataungo alkatea
Hala, Eider Mendoza diputatu nagusiak Espainiako Gobernuari 2018ko akordioa ez betetzea leporatu dio, eta «seriotasuna, gardentasuna eta zehaztasuna» eskatu ditu proiektuaren kudeaketan. Diputatu nagusiak azpimarratu du Ezkio-Itsasotik igarotzen den lotura dela aukera egokiena Gipuzkoaren lehiakortasuna, irisgarritasuna eta lurralde-kohesioa bermatzeko, eta eskatu du katak lehenbailehen hastea, baina «modu egokian» eta hitzartutako irizpideak «zorrotz» errespetatuz.
Informazio ofizialik ez
Udalerriek ere kezka agertu dute egoeraren aurrean. Auziaren inguruko argitasuna eskatu dute Beasain, Ataun, Idiazabal eta Olaberriko udal ordezkariek, eta salatu dute ez dutela hirugarren bidearen inguruko informazio tekniko ofizialik jaso; azken proposamenaren berri prentsaren bidez izan dute, Leire Artola Beasaingo alkatearen arabera: «Udalak ez du informazio ofizialik jaso. Hedabideetan argitaratutako datuak besterik ez dira ezagutu orain arte». Jokin Garmendia Olaberriko alkateak ere gauza bera azpimarratu du: «Guk ez dakigu ezer. Duela hilabete batzuk zundaketa pare bat egiteko baimena eskatu ziguten, antza, orain prentsan irakurri ditugun guneetan gutxi gorabehera».
Komunikabideetan zabaldutako informazioaren arabera, hirugarren bidearen proposamenak eragin ezberdina izango luke Goierriko herrietan: Beasainen ukituko liratekeen lurrak jabetza pribatukoak lirateke, ez udal-ondare publikokoak, baina Ormaiztegiren mugan izango luke eragina; Ataunen apenas hartuko luke bertako lurrik, baina bete-betean zeharkatuko luke Idiazabal, eta Olaberrian ere izango luke tunel irteerarik.
«Ez dugu informaziorik jaso, hedabideetan argitaratutako datuak besterik ez ditugu ezagutu»
Leire artola. Beasaingo alkatea
Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak ziurtatu duenez «espektante» jarraitzen dute; izan ere, onartu du «suposizioen gainean» ari direla hizketan: «Hirugarren alternatiba hau orain mahai gainean egon arren, udalerrietan bigarren alternatibaren zundaketetako baimenekin segitzen dugu. Hirugarren alternatibaz ez dakigu ezer. Gu gara informazio gutxien daukagunak, eta aldi berean gu ari gara herritarrei auzi honi dagozkien zalantzak argitzen. Baina gabeziak ditugu, ez baitugu informazio ofizialik».
Martin Aramendi Ataungo alkateak ere nabarmendu du ezer gutxi dakiela hirugarren bidearen inguruan: «Zundaketak egiteko baimen-eskaera tramitatzen hasi zirenean, balizko proiektuaren berri ematen zuen dokumentazioa ere bidali ziguten, betiere, bigarren bide horri edo Ataun ia alderik alde zeharkatuko lukeen bideari buruzkoa. Hirugarren bidearen berri prentsaren bidez iritsi zaigu, eta dirudienez apenas hartzen du Ataungo lurrik».
Argitasuna eta seriotasuna
Alkate guztiek bat egin dute auzi honek behar lukeen seriotasuna eta argitasuna azpimarratzerako garaian, eta eskatu dute lehenbailehen har ditzatela hartu beharreko erabakiak, eta lehenbailehen egin ditzatela egin beharreko eskariak. «Hirugarren bide hori aurrera eramatea planteatzen ari badira, horren inguruko informazioa eman diezaguten eskatzen dugu, eta bide horretan, tramitazio administratibo guztiak ondo egin ditzatela», berretsi du Alberdik.
«Duela hilabete batzuk zundaketak egiteko baimena eskatu ziguten, orain prentsan irakurritako tokietan»
Jokin Garmendia. Olaberriko alkatea
Aramendi ere zorrotz agertu da: «Proiektu handi horretan gastatu den, gastatzen ari den eta gastatu nahi den diruaren zati bat inguruko tren-zerbitzua (kasu honetan Brinkola-Irun eta Iruñea-Gasteiz) hobetzeko erabiliko balitz, askoz ere merkeago aterako litzateke, eta herritar guztiontzat izango litzateke onuragarri».













