Biboteen hilabeteari heltzeko prest
Azaroarekin batera martxan da Movember kanpaina, Goierri Moherri taldearen ekimenez. Ekintza ezberdinak egingo dituzte hilabetean zehar Lazkaon, Ordizian eta Beasainen, dirua bildu eta sentsibilizatzeko.
Goierri Moherriko kideak eta Lazkaoko zinegotziak gaur goizean egindako prentsaurrekoan.Izaro Villarreal Azaroa bueltan da eta horrekin batera Movember ekimenaren edizio berri bat abiatuko da Goierrin ere, Goierri Moherri taldearen ekimenez. Hilabete osoan biboteak utziko dituzte hainbat eta hainbat herritarrek, gizonen osasunaren inguruan -eta zehazki prostata eta barrabiletako minbiziaren eta osasun mentalaren inguruan- kontzientzia sortzeko helburuarekin, biboteak kanpainaren ikur nagusi direlako. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo dinamika, Lazkaoko plaza nagusian. Ekintza ezberdinak egingo dituzte hilabetean zehar Lazkaon, Ordizian eta Beasainen, kotzientziaziorako zein diru bilketarako.
Prebentzioa eta ikerketa
Aurten bi lan arlo nagusi izango dituzte: gizonen osasunaren prebentzioa eta gizonezkoen gaixotasunen ikerketarako diru bilketa. Prebentzioari dagokionez, prostatako minbiziaren prebentzioaren inguruko zenbait hitzaldi emango dira eskualdean: Tolosako Asuntzion Klinikako urologo Liliana Villamizar doktoreak Beasainen emango du azaroaren 12an, eta Donostiako Ospitaleko Urologia Zerbitzuko Josune Zubizarretak, berriz, azaroaren 17an, Ordizian. Azken honetan gainera, suizidioaren prebentzioaren inguruko beste hitzaldi bat ere izango da, EHUko irakasle eta psikiatra Jon Garcia Ormazak gidatua; izan ere, iragarri dituzten datuen arabera, lau suizidiotik hiru, gizonek burutzen dituzte.
Diru-bilketari dagokionez ere, urteroko diru-kutxak jarriko dira Lazkao, Ordizia eta Beasaingo establezimendu ezberdinetan, eta Movember produktuak ere eskuragarri egongo dira hiru herrietako ohiko azoketan, baita Beasaingo odoloste lehiaketan ere. Hori ez ezik, dirua biltzen jarraitzeko bestelako zenbait ekitaldi ere antolatu dituzte: azaroaren 29an Iñigo Salinero, Julen Axpe eta Kike Biguri umoregileekin komedia saio bat egingo da Lazkaoko Arerian, baita igerilekuan egingo den Busti zaitez izeneko kirol-ekitaldia ere, azaroaren 27an. Hori gutxi ez, eta Goierriko kirol eta mendizale elkarteek beren irudia eskainiko dute Movember mugimenduari babesa eman eta oihartzuna areagotzeko.
2003tik lanean
2003. urtean sortu zen ekimena, Australian. Bertako gizon bati prostatako minbizia diagnostikatu zioten, eta haren lagunek, elkartasuna adierazte aldera, biboteak utzi zituzten. Movember izena eman zioten ekimenari, ingelesezko november (azaroa) eta moustache (bibotea) hitz jokoa erabilita. Hurrengo urtean, 2004an, Movember Fundazioa eratu zen, diru-bilketak eta kontzientziazio kanpainak egiteko. Ekimena azkar hedatu zen mundu osoan, eta Goierrin ere 2008 inguruan hasi ziren aurreneko biboteak ikusten.
Goierriko gizonek kanpainarekin bat egin eta bibote luzea utzi dezaten animatu dituzte antolatzaileek. Emakumeak ere gonbidatu dituzte ekimenetan parte hartzera.













