Jone eta Mattin erraldoien miniaturak salgai jarriko dituzte
Erreserba egiteko epea asteartean 09:00etan zabalduko da. Esteka, albistean.
Beasaingo herritarren eskaerari erantzunez, Jone eta Mattin erraldoien gomazko bertsio txikiak salgai jarriko dira lehen aldiz. Azken urteotan erraldoien miniaturak oroigarri moduan gero eta zabalduago daudenez, Beasaingo bikote ezaguna ere gehituko da bilduma horietara.
Miniatura hauek Platero enpresak ekoitzi ditu, urtebeteko prozesu zaindu baten ondoren: moldeak sortu, koloreztatu eta xehetasun guztiak eskuz landu dituzte.
100 bikote
Lehenengo 100 bikoteak azaroaren 8an, larunbatean, jarriko dira, Ekaitz konpartsak antolatuta erraldoien topaketa egingo dela aprobetxatuz. aurrez baina, erreserba egin beharko da. Horretarako, bihar, asteartea, goizeko 09:00etan, erreserba egin ahal izango da esteka honen bidez. Erraldoi bikotearen prezioa 40 eurokoa da.
Salmenta Erauskin plazan egingo da (eguraldi txarra egiten badu La Ssale ikastetxeko patioan) azaroaren 8an, 11:30etik 12:30era, erraldoien aurkezpena egin ondoren, eta bigarren salmenta-saioa Zubimuzu plazan izango da 17:30ean (18:00ak arte). Ordainketa eskudirutan egingo da, erraldoiak jasotzean, eta NANa aurkeztu beharko da. Familia bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du, banaketa orekatuagoa bermatzeko.
Azaroaren 8ko salmentaren ondoren, beste 250 bikote iritsiko dira eta ondorengo establezimenduetan egongo dira eskuragarri: Zuha, Arteka, Jon Aranburu kioskoa, Mirentxu liburudenda, Permar jostailuak, Goierri Kopiak eta Ekaitz Erraldoi eta Buruhandien Elkartea.













