Ampok nazioartekotzen egindako ahaleginagatik ‘Made in Euskadi’ saria jaso du
Euskal Enpresaren Gaua 2024 ekitaldia egin zuten atzo, Bilbon, Guggenheimen. Gizarte eta Euskal Enpresa Fundazioak antolatuta 34. aldia izan zuen ekitaldiak. Lau sari banatu zituzten guztira, eta Idiazabalgo Ampok Kooperatibak Made in Euskadi saria jaso zuen.
Euskal enpresaren gaua ekitaldiko sarituak, atzo iluntzean, Guggenheimen.Hitza Bilboko (Bizkaia) Guggenheim museoa euskal enpresaren eszenatoki bihurtu zen atzo iluntzean, bertan ospatu zen Euskal Enpresaren Gaua 2024 ekitaldiaren aitzakian. Idiazabalgo Ampo Kooperatibak banatu zituzten lau sarietako bat eraman zuen, nazioartekotzeari erreferentzia egiten dion Made in Euskadi, hain zuzen.
Balio teknologiko handiko balbulen ekoizpenean liderra da mundu mailan Ampo. Euskal ekonomiaren alorrean etrategikoak diren sektoreetara bideratzen du beer ekoizpena, hala nola energia, petrokimika edo meatzaritzara. Idiazabalgo kooperatibak ekoizpen fabrikak ditu Indian, Saudio Arabian eta Kazakhstanen. Bere produkzioaren %95 kanpo merkatuetara esportatzen du.
Guggenheimen egindako ekitaldian parte hartu zuten besteak beste, Kutxabankeko kontseilari ordezkari den Eduardo Ruiz de Gordejuelak eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik.
Javier Ormazabal enpresaburu onena
Besteen artean, Euskal Makila saria Bayer AG enpresari eman zioten, Donostian egoitza duen Viralgen enpresaren hazkundeari “bultzada erabakigarria” emateagatik eta Danobatgroupek eta Zunibalek berrikuntzaren saria jaso zuten.
Euskal Enpresaburu Onenaren saria ere banatu zuten eta Velatiako presidente eta CEOa den Javier Ormazabal Echevarriak jaso zuen. Zamudioko parke teknologikoan du egoitza hamar enpresek osatutako Velatia talde familiarrak, eta “irtenbide teknologiko aurreratuak” eskaintzen dituzte, batez ere planetaren deskarbonizazioan, digitalizazioan, konektagarritasunean eta komunikazioen segurtasunean oinarrituta.













