Azaroa zientziaren hilabetea da Beasainen
'Azaroa Zientziaroa' zikloaren barruan, erakusketa bat, lau hitzaldi eta matematika argazki lehiaketa antolatu ditu Lemniskata Zientzia Sare Herrikoiak, zientzia, esperientzia eta jakin-mina uztartuz.
24 emakume erakusketa, Beasaingo Erauskin plazan.Ariane Vierbücher Beasaingo Lemniskata elkarteak antolatutako Azaroa Zientziaroa zikloak beste urte batez zientzia herritarrengana gerturatzeko helburua du. Azaroko ostiraletan egingo dira hitzaldiak, 18:30ean, Igartzako jauregian. Zikloak diziplina eta ikuspegi ugari biltzen ditu, biologia, elikadura, ekologia eta neurozientzia uztartuz, zientzia arlo ezberdinen eta eguneroko bizitzaren arteko loturak erakusteko.
Azaroa Zientziaroa zikloa Eusko Jaurlaritzaren Ezagutza Gizartean Zabaltzeko programaren parte da, eta Jakindari sarearen bidez egiten da. Lemniskata elkarteak 14 urte daramatza Beasainen zientzia euskaraz zabaltzen, publiko guztientzat hurbil eta erakargarri eginez.
Lau hitzaldi
Azaroaren 7an, Elena Vecinok, Baleen begia eta gizakiarena: bi mundutan ikusteko egokitzapena hitzaldia egingo du. Elena Vecino Bilboko Unibertsitateko irakaslea eta Basque Research & Technology Alliance-ko kidea da. Oftalmologia arloan nazioarteko erreferentea da, ikusmenaren galera eta begiko nerbio-sistemaren erregenerazioa ikertzen dihardu, eta haren taldeak hainbat aurkikuntza garrantzitsu egin ditu ikusmenaren biologiaren inguruan. Vecinok begiaren egokitzapena aztertuko du, gizakiaren eta baleen ikusmena alderatuz, bi mundu kontrajarriren —itsasokoaren eta lehorrekoaren— arteko eboluzio paraleloa erakutsiz.
Azaroaren 14an, lau goierritarren txanda izango da. Unai Mintegi idiazabaldarra, Ingeniari Elektroniko Industriala da, robotikan eta industria-automatizazioean espezializatua. Ane Lore Lasa beasaindarra berriz, Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen gradua lortu zuen Basque Culinary Center eta 2023az geroztik, Donostiako Erre jatetxean dihardu.Eta azkenik, Garazi eta Onintze Garrido Marcos ahizpa beasaindarrek, Gizarte Antropologia ikasi zuten, eta Gizakari proiektua jarri dute martxan. Beraien helburua erakunde publikoek antropologoek hezkuntzan duten garrantzia aitortzea da eta antropologiaren zabalkundea sustatzea. Norbere arlotik mintzatuko da.
Azaroaren 21ean, Jose Ignacio Garcia Plazaola eta Beatriz Fernandez Marin, Antartikako landareen sekretuak ekarriko dituzte. Bi ikertzaile hauen lana Euskal Herriko Unibertsitatean eta Basque Centre for Climate Change-n (BC3) kokatzen da. Garcia-Plazaolak landareen estres fisiologikoa eta fotosintesiaren egokitzapen mekanismoak aztertzen ditu, eta Fernandez Marinek Antartikako landareen biziraupen estrategia ikertzen du. Hitzaldian azalduko dute nola bizirauten duten landareek muturreko baldintzetan eta zergatik diren funtsezkoak klima-aldaketaren ikerketarako.
Azaroaren 28an , Irati Mitxelena eta Ramon Cid izango dira hizlariak eta Goi mailako kirolean osasun mentala hitzaldia emango dute. Irati Mitxelena neurozientzialaria eta atleta da, eta Ramon Cid bere entrenatzailea da eta kirolari ohia da. Elkarrizketa formatuan azalduko dute nola eragiten duten estresak, presio sozialak eta autoexijentziak kirolarien errendimenduan eta osasunean. Mitxelenak neurozientziaren ikuspegitik azalduko du burmuinaren funtzionamendua kirol testuinguruan, eta Cidek esperientzia praktikoa gehituko du goi mailako atletismoaren barrutik.
24 emakume
24 emakume deituriko kale erakusketa osatzen duten panel handiz hornitu dute Beasaingo Erauskin plaza zientziaren hilabetea den honetan. Lemniskatak eta Jakiunde Akademiak elkarlanean jarritako erakusketa da, euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko informazioarekin.
Jakiunde Akademia “gizartearen erronka garaikideen aurrean hausnartzeko» foroa da, eta «ezagutzan eta zorroztasun zientifikoan oinarrituz, zientzien, arteen eta letren arteko jakintza trukea bultzatzen” saiatzen da. 107 kidek osatzen dute Jakiunde, eta horietatik zientzia, arte eta letra alorreko emakumeen jarduna bistaratzen du erakusketak. Tartean dago Nekane Balluerka ordiziarra.
Matematika argazki lehiaketa
Horrez gain, ohiko argazki matematikoen lehiaketa ere martxan dute Argizpi elkarteko kideen laguntzarekin, eta parte-hartzaileek abenduaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dituzte lanak. Gehienez lau lan aurkez daitezke. Irudiak JPG formatuan egon behar dira, 4000 px alde zabalenean, 300 ppp eta sRGB kolore espazioan. Fitxategiak ezin ditu 6 mega pasa.
Izen ematea eta erregistroa modu digitalean egingo da hemen.
Sariei dagokienez, lehen sarituak 500 euro jasoko ditu, bigarrenak 350 euro, hirugarren sarituak 250 euro, eta sari sozial edo lokalak 250 euro. Sari banaketa urtarrilaren 30ean egingo dute.













