Beñat Senarrek B Serietako Lau t’erdiko finala jokatuko du larunbatean
Murua gainditu finalerdietan, Tolosako Beotibarren. Larunbatean du finala Irungo Uranzu pilotalekuan, Amianoren aurka. Ataundik autobusa antolatu dute.
Beñat Senar pilotari ataundarra. Baiko pilota Atzo iluntzean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako B Serietako Lau t’erdiko finalaurrekoan Beñat Senar pilotariak egindako erakustaldiaren ondoren, finalerako txartela eskuratu du ataundarrak. Muruaren aurka aritu zen, eta ez zuen zalantzarik utzi bere nagusitasunaren inguruan: 22 eta 6 emaitza sendoarekin eskuratu zuen garaipena. Erritmoa eta sendotasuna mantendu zuen partida osoan zehar ataundarrak, eta ez zion aukerarik utzi Muruari.
Beotibarren erakutsitako mailaren ondoren, Irungo Uranzu pilotalekuan izango du azken erronka, larunbat honetan Amianoren aurka jokatuko den neurketan. Pilotariari babesa emateko asmoz, autobusa antolatu dute Ataundik; bertaratu nahi duenak udalak zabaldutako galdetegian izena eman beharko du aurrez.













