Birziklapenaren aldeko urratsa, Ataunen
Birziklapenaren kalitatea hobetzeko eta edukiontzien erabilera egokia sustatzeko kanpaina abiatu dute. Herritarren artean ingurumenarekiko jarrera sendotzea bilatzen da.
San Gregorioko Urbideko zabor-gunea.A.I. Sasieta Mankomunitateak birziklapenaren kalitatea hobetzeko eta edukiontzien erabilera egokia sustatzeko kanpaina berezia abian jarri du Ataungo udalerrian. Ekimenak helburu bikoitza du: batetik, hondakinen bereizketa zuzena bermatzea; eta bestetik, herritarren artean ingurumenarekiko jarrera arduratsua sendotzea.
Kanpainaren barruan, Mankomunitateak jakinarazi du kontrolak areagotuko direla, eta edukiontzi horietan hondakin desegokiak uzten dituztenei zigor ekonomikoak ezarriko zaizkiela. Lehen arau-hausteetan 90 euro inguruko isunak aurreikusi dira, eta portaera hori errepikatuz gero, 450 eurorainokoak izan daitezke. Mankomunitateak azaldu du zigortzea ez dela helburu nagusia, baizik eta «ohitura onak indartzea». Izan ere, edukiontzi okerrean botatako hondakinek «birziklapen prozesu osoa kaltetzen» dutela ziurtatu dute, baita «guztion ahalegina zapuztu» ere.
Sentsibilizazioa ardatz
Kanpaina, ordea, ez da soilik kontrol-neurritik izango. Prebentzioa eta informazioa izango dira ekimenaren oinarriak. Horregatik, Ataungo edukiontzietan ohartarazpen-eranskailuak jarri dira, eta atarietan informazioa zabaldu da herritarrek arauen berri izan dezaten.
Horrez gain, datozen egunetan, etxe guztietan informazio-liburuxka bat banatuko da, «hondakinak nola bereizi behar diren zehaztasunez azaltzeko». Bertan jasoko dira, besteak beste, zein material dagokion edukiontzi bakoitzari eta zein jokabide saihestu behar diren.
Ingurumena eta elkarlana
Mankomunitatearen ustez, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da emaitza onak lortzeko. «Birziklatzea guztion ardura da», gogorarazi dute: «Ingurumena zaintzeko, beharrezkoa da bakoitzak bere ekarpena egitea eta arauak betetzea».













