Gandik proiektua abian da tokiko merkataritzaren digitalizazioa sustatzeko
Herriko hiru ikastetxetako ikasleekin garatuko da. Euskararen presentzia bermatuko da digitalizazioan.
Gandik proiektuaren aurkezpena, atzoBeasaingo Udala Beasaingo udaletxean aurkeztu zuten atzo Gandik proiektua, tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzea eta gazteen gaitasun digitalak indartzea helburu dituen egitasmoa. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Puntueus Fundazioak sustatzen dute, eta Beasain eta Portugalete izango dira lehen udalerri pilotuak. Aurkezpenean parte hartu zuten Leire Artola Beasaingo alkateak, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Josu Waliño Puntueuseko zuzendariak.
Hurtado sailburuaren esanetan, «digitalizazioa eta belaunaldi-erreleboa dira merkataritza txikiaren erronka nagusiak; bi ardatz horiek uztartzen dituen proiektu bat da Gandik». Artola alkateak, bere aldetik, azpimarratu zuen, «merkataritza bizia eta eguneratua izateak» komunitatea kohesionatzen duela. «Eta gazteen parte-hartzea giltzarri da etorkizuna eraikitzeko».
Saltokien %27k soilik
Puntueusek egindako azterketaren arabera, Beasaingo 253 saltokietatik 68k bakarrik dute webgune aktiboa. Euskadiko batez bestekoaren pare dagoen datu horrek erakusten du digitalizazioaren bidean bidea duela tokiko merkataritzak.
Waliñok honakoa adierazi zuen: «Saltoki askok ez dute oraindik presentzia digitalik. Gandik proiektua aukera da eraldaketa hori praktikan jartzeko eta merkataritza txikia XXI. mendeko errealitatera egokitzeko».
Gazteak eta merkataritza
Proiektuaren berezitasuna belaunaldien arteko lankidetza da. Beasaingo hiru ikastetxek —Beasain Institutua, Andramendi Ikastola eta La Salle Beasain— parte hartuko dute, hamar saltokirekin batera. Ikasleek negozioei webguneak sortuko dizkiete eta, ondoren, nola kudeatu irakatsiko diete merkatariei. Horrela, gazteek gaitasun digital praktikoak garatuko dituzte eta merkatariek tresna berriak izango dituzte euren negozioa indartzeko.
Parte hartuko duten saltokien artean daude Productos Transilvania, Detalles Magicos, Kixkur ileapaindegia, Arnedoko txokoa, Ogi Berri, Otxoa de Alaiza, Labores Otea, Farmabi, La Krenguta, Taj Mahal jatetxea, Reformas Celedon eta Txantxangorri taberna.
Artolak adierazi zuenez, «proiektu honek balio bikoitza du: gazteek beren gaitasunak garatzen dituzte eta, aldi berean, herriko merkataritza-sarea sendotzen dute».
Euskara, erdigunean
Gandik proiektuak euskararen presentzia digitala ere sustatuko du. Webgune guztiak euskaraz sortuko dira gutxienez, eta beste hizkuntza batzuk gehitu ahal izango dira.













