Altamira auzoko igogailuaren proiektua bideratze bidean
Ordiziako osoko bilkuran eztabaidagai izan da Altamirako irisgarritasuna. Oposizioko alderdiek eskaera-idatzia sartu dute eta alkateak azalpenak eman ditu.
Gaur egungo Altamirako eskailera ingurura iritsiko da 60 metroko pasarela. Urriko osoko bilkurako eztabaidagaietako bat, Altamira auzoko igogailua izan zen, EAJk, Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos eta PSE-EEk Altamira auzoko irisgarritasunerako eskaera-idatzi bat sartu zutelako.
EAJko Joseba Aranburu bozeramailearen esanetan, Altamira auzoko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea da helburua, «mugikortasun urriko pertsonentzat eta mugitzeko arazoak dituzten bizilagunentzat zailtasun gehien dituzten auzoetako batean». Era horretan, «igogailuak Altamira auzoa herrigunearekin lotuko luke, zerbitzu eta espazio publikoetarako sarbide erosoagoa ahalbidetuz, eta horrek nabarmen lagunduko luke Altamirako egoiliarren bizi kalitatea hobetzen».
Oposizioko alderdien eskaera-idatziari erantzunez, Adur Ezenarro alkateak azalpenak eman zituen udalbatzan Altamirako igogailuaren prozesuaz. Batetik, herrigunea eta Altamira lotuko dituen igogailua «udal gobernuaren programan zihoala» gogoratu zuen, eta bestetik, 2022an onartutako Ordiziako Irisgarritasun Plan berrian jasotako herriko irisgarritasun oztopoak gainditzeko igogailu estrategikoen kokapena laburbildu zuen. Tartean dago Altamira auzoa herrigunearekin lotzea. «Tximista eta Altamira lotzeko proposamena, baina baita Altamira auzoko behe aldea eta Okorroko goiko aldea lotzen dituena ere».
Irisgarritasun Planak bi aukera proposatzen ditu Tximista eremuan igogailu bat jarri, eta Altamira auzora pasarela batekin igarotzeko. «Bi proposamen horien artean erabakitzeko, bideragarritasun azterlan bat eskatu zitzaion azpiegitura gaietan aditua den ingeniaritza bati. Izan ere, igogailuaren proiektua konplexua da, eta bideragarritasunak hiru ikuspegitatik ditu zailtasunak».
Zailtasunak hiru arlotan
Zailtasunetako bat, esparru administratibokoa da. «Igogailua trenbide ondoan kokatuko litzateke, eta ondoren, Altamiraraino iristeko pasarela edo igarobideak ere, trenbidea zeharkatu beharko du gainetik, eta ondoren N1 errepidea ere. Horrek, Adif eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideen Sailarekin eskatzen dituzten baldintzak betetzen ote diren egiaztatzea dakar».
Bestetik, zailtasun teknikoa dago: «Igogailutik irten, eta Altamiraraino iritsi behar den igarobideak ere, bere zailtasunak ditu. Azken batean, ezin delako tartean zutaberik jarri, baldin eta etorkizunean egin nahi den trenbidearen saihesbidea oztopatu nahi ez bada behintzat. Horrek, tartean zutaberik ez lukeen 60 metroko pasarela bat eraikitzea dakar, eta teknikoki bere zailtasuna dauka».
Eta azkenik, bideragarritasun ekonomikoa ere «oztopoa» izan litekeela esan zuen Ezenarrok. «Ordiziarako azpiegitura estrategikoa da, baina litekeena da, aurrekontuaren arabera, laguntzak edo maileguak eskatu behar izatea. Gainera, 2024an eskuratu genuen aipatutako bideragarritasun azterlanak administratiboki edo teknikoki zeuden zalantzak argitu zituen, eta ekonomikoki ia 2 milioi eurotako aurrekontua aurreikusi zuen».
Lur jabe pribatuak
Hala ere, konpondu beharreko beste gai bat ere badu igogailuaren proiektuak: «Egitasmoa eraikitzea posible izateko, kokapenaren jabegoaren auzia dago. Izan ere, proposatzen den kokapenaren jabegoa pribatua da gaur egun. Desjabetze prozesu batek bideragarritasuna zailduko lukeela ikusita, jabegoarekin kudeaketa lanak egin dira, eta espero da laster lurzoru hori udalaren eskura igarotzeko hirigintza hitzarmena onartzea».
Alkateak gaineratu du igogailua kokatzen den orube hori eskuratuko ez balute, «proiektu osoa kolokan legokeela». «Horregatik, gaiak guztiz itxi arte ez da aurreratu nahi izan, tentuz jokatzea dagokigulako. Ikusita, oposiziotik gaia plenoan politikoki erabiltzeko jarrera, azalpenak ematea dagokigula uste dugu».
2025. urtea amaitu baina lehen, aipatutako hirigintza hitzarmena onartzeko izapideak hastea espero dute, eta ondoren, datorren urtean, Altamira eta Tximista lotuko dituen igogailuaren exekuzio proiektua lizitatzea. «Udal talde guztien adostasuna ikusita, datorren urteko aurrekontuetan inbertsio hori txertatzeko eragozpenik ez dela egongo aurreikusten dugu».

Eskuin aldean, Tximistako etxe txuri ondoan egingo da igogailua eta ondoren, trenbidea eta N1 errepidea gainetik pasabidea.
Hezkuntza Kontseilua eta komunitate energetikoa
Urdaneta ikastetxearen eraberritzerako diru partida berria, larrialdietarako etxebizitza bat erostea eta Azaroaren 25eko Adierazpena onartu ondoren, oposizioko alderdien mozioen txanda izan zen jarraian. Ordizia Orainen Hezkuntza Kontseilua sortzearen mozioa onartu zuten aho batez. PSE-EEren udal produktuetan eta zerbitzuetan irisgarritasun unibertsala eskatzen zuen mozioa ere aho batez onartu zuten.
PSE-EEren herritarren komunitate energetikoa lehenbailehen sortzeari buruzko mozioaren aurka bozkatu zuten EH Bilduk eta Ordizia Orainek. EH Bilduren ustez, PSE-EEk proposatzen duen komunitate energetikoaren atzean Repsolen filiala den Edinor enpresa dago, eta Goiekin eredu desberdinak lantzeko foroa martxan dago. Ordizia Orainek berriz, «sorkuntza eta hornidura publiko bat» berresten dutela dio.
Galde-erregu atalean azkenik, Ordizia Orainek, Joseba Rezolako komun berriaren inguruko gaia atera zuen, «oraindik ere beharrezko hornidurarik gabe dagoelako».













