Azkoitiko Iraurgi abesbatza eta Vianako musika banda, Azaroan Musika zikloko hurrengo gonbidatuak
Azkoitiarrek larunbat arratsaldean abestuko dute parrokian, eta nafarrek igande eguerdian egingo dute kontzertua Latxartegi aretoan.
Azkoitiko Iraurgi abesbatza. Legazpiko Azaroan Musika zikloak aurrera jarraitzen du, eta asteburu honetarako bi hitzordu proposatzen ditu. Batetik, larunbatean, abesbatza doinuak izango dira entzungai, eta igandean, musika banda batenak.
Larunbateko emanaldia Azkoitiko Iraurgi abesbatzak eskainiko du, 20:00etan, parrokian. Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean, 27 abeslari inguruk osatzen dute ahots nahasiko abesbatza hau. Oso talde aktiboa da, eta hainbat eta hainbat kontzertu, topaketa, bidai, kantu ikastaro eta bestelako jardueratan parte hartzen du. Legazpira, Santikutz abesbatzak gonbidatuta datoz. Aurreko asteburuan, Legazpiko koruak berak abestu zuen zikloaren baitan, eta Andoni Salamero olerkariarekin, Pello Ramirez musikariarekin eta Josu Altzelai argazkilarien irudiekin batera, Maitet ditut maite, gure bazterrak ikuskizuna eskaini zuen.
Legazpi Musika Bandaren gonbidatuak ere izango dira Azaroan Musika zikloan. Nafarrak dira, Vianako Udal Musika Bandako kideak, eta igandean joko dute Latxartegin, 12:30ean hasita, Javier Solano Mendiola zuzendari dutela.

Vianako musika banda.

Santikutz abesbatza, azaroaren 1ean eskaini zuen ‘Maite ditut maite, gure bazterrak’ ikuskizunean.













