Baratxuri freskoa eta azalore morea, azaroa hasteko
Barazkien eta kontserben ataletan izan dira gaur berritasunak. Nobedadeen artean Jose Mari Albisu zorroztailea Plaza Nagusira aldatu izana, eta Urretxuko ZIG-eko ikasleek jarri duten postua ere aipatu behar dira.
Ordiziako azokan erosi daitezkeen produktu ugariren artean, barazkien atalak eraman du azaroko lehen asteko honetan protagonismo nagusia, hainbat berritasun aurkeztu direlako. Kontserba kontuak ere sartu behar dira gaurko aurkezpenen artean.
Barazkien artean, baratxuri freskoa izan da gaurko berritasunetako bat. Lazkaoko Biona mintegiko Iñigo Aranburuk eta Aramako Jaione Irazustak zuten, sorta euro bat eta bi euro artean. Azalore morea ere iritsi berria da azokara, eta Montesen postuan zuen salgai Ainhoa Iparragirrek, 2 eta 3 euro artean. Bestetik, Asiako jatorria duen patsoi barazkia ere berrien artean egon da goizean; Natalia Magallanesek zuen salgai, hosto solteetan, kiloa 11 euroan. Zerbaren itxurakoa, baina txikiagoa da patsoi hostoa. Zaporea, berriz, ziazerbaren antzekoa du Sustrai Asteak elkarteko ekoizleak azaldu duenez, eta gordinik zein egosita jateko aproposa da.
Tomate mota berri bat ere aipatu behar da. Iñaki Intxaustik zuen salgai, Barbastroko arrosa izenekoa. Nafarroako Kaparroso herrikoak ziren, garai batean Ordiziako feriara saltzera joaten ziren Silvia eta Asierren Puenteviejo etxekoak, ekologikoak. Kiloa 6 euroan zuen.
Kontserbak ere salgai
Magallanesek aurkeztu du beste berritasun bat, ontziratutako kuiatxo krema. Kristalezko ontzietan zuen salgai, bi tamainatan: bi errazio dituen 670 gramokoa, 6 euroan, eta errazio bakarreko 310 gramokoa, 3,5 euroan.
Sagar zukua ere bazuen aukeran, aurtengo frutarekin egindakoa, eta litroko botiletan ontziratuta, 4 euroan bakoitza. Jose Antonio Elosegi gabiriarrak ere badu sagar zukua, prezio berean.
Mizpirak ere aipatu behar dira. Joan den astean iritsi ziren lehenak, Altzagako Arantza Lopetegiren eskutik, eta gaur Errezilgo Simon Aizpuruk ere jarri ditu salgai. Kiloa 2,5 eta 3,5 euro artean dago.
Perretxiko gutxi, bisitari ugari
Udazken honetan eskas samar dabil atal mikologikoa, beste urte batzuekin alderatuta. Gaur bertako perretxiko gutxi ikusi dira, Arantxa Lopetegik zituen hiru kilo gibelurdin besterik ez (20 euro).
Bestela, Lasaren eta Barcinaren artean honako eskaintza osatu dute: 170 kilo onddo (20.40 euro), 35 kilo ziza hori (25-26 euro) eta 15na kilo mendiko angula eta saltsa perretxiko beltz (26 euro). Barcinak, gainera, boilur beltza ere bazuen, eta banaka saltzen zituen, tamainaren araberako prezioekin, 5 eurotik hasita.
Perretxiko gutxi, baina bisitari ugari. Gaur ere bi talde inguratu dira feria ezagutzera D’Elikatuz zentroko teknikariek gidatuta. Basque Culinary Centerreko ikasleena izan da bat, eta La Salle Zarautz Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleena bestea.
Zorroztailea, Plaza Nagusira
Gaurko berritasunekin batera, Jose Mari Albisu zorroztailearen postua Plaza Nagusiaren barrenera aldatu izana ere aipagarria izan da. Goen plazan zegoen lehen, eta feriako postu gehienen ondoan jarrita, ikusgarritasuna irabazi du bere postuak.
Bertan, era guztietako labanak, guraizeak eta beste tresna batzuk zorrozten ditu, baita labanak saldu ere. Ordiziara asteazkenero joango da, baina inguruan Beasaingo ferian ere izaten da asteartero, eta Legazpikoan, hileko bigarren eta laugarren asteetan.
Urretxuko ZIG-eko ikasleak
Udaletxe azpian, berriz, Urretxuko Jose Maria Iparragirre institutuko Zereginen Ikaskuntzarako Gelako ikasleek jarri dute postua gaur. Iaz Legazpiko ikasleekin abiatutako bideari jarraituz, hilean behin izango dira ferian gelan egindako bizkotxoak eta galletak eta era askotako apaingarriak eta pitxiak saltzeko. Ateratzen duten dirua, eskolako jardueretarako izango da eta agian, ikas bidaia egiteko ere bai.
Gaurkoan Mikel, Hodei, Deiane, Manex, Izei eta Aimar izan dira salmenta lanetan, Amaia, Julene eta Ainhoa irakasleek eta hezitzaileek lagunduta. Ikasleen artean Shamer eta Stefan falta ziren.


















