«Kontatu nahi genuen zer gertatu zitzaien bi fusilatu horiei, inor epaitu gabe»
Memoria lantzea «erresistentzia ariketa bat» dela uste dute 'Eraman zutela' dokumentalaren egileek, eta adierazi dute gazteei aukerak eman behar zaizkiela horrelako gaiak jorratzeko.
Deñe Garcia-Bravo eta Mikel Balerdi, ostiralean, Olaberrian. Gorka Rubio / FOKU Alde batean Jesus Bujandaren eta Martzelo Lasaren omenezko plaka dago, eta, parean, haiei eskainita egin berri duten horma irudiak egiten die oihartzun. «Esaten digute ez ahazteko, hezurren gainean gabiltzala» dio horma irudiaren tarteko esaldiak. Urteak dira Olaberrian (Gipuzkoa) oroimen historikoari buruzko lanketa egiten ari direla, eta soka horri tiraka ondu zuten Mikel Balerdik (Olaberria, 2003) eta Deñe Garcia-Bravok (Azpeitia, Gipuzkoa, 2003) Eraman zutela izeneko dokumentala, Aztarna productions izenpean. Lekeitioko Euskal Zine Bileran (Bizkaia) Zilarrezko Antzara eta aipamen berezia lortu dituzte lan horregatik.
Bi sarirekin itzuli zarete Lekeitiotik. Nola hartu dituzue?
MIKEL BALERDI: Ustekabe handia izan zen guretzat. Gonbidatuak izan ginen heinean, guretzako nahikoa sari bazen hori. Bertara joan eta sari batekin eta aipamen berezi batekin ateratzea kristoren plazera izan zen.
DEÑE GARCIA-BRAVO: Gainera, aberasgarria izan zen zinema munduko beste sortzaileekin-eta izan genuen harremana. Bi izen: Martzelo Lasa eta Jesus Bujanda. Nola izan zenuten haien berri?
BALERDI: Ni bertakoa naiz, baina Deñe eta biok aldi berean ezagutu genituen. Urte askoan egon da memoria historikoa lantzen duen Olargi taldea Olaberrian, eta, orain dela zortzi-bederatzi urte, ikerketa bat egiten hasi ziren fusilatuen inguruan. Gugana jo zuen Olargi taldean ibilitako batek, Bihotz Forcadak, gizonaren osaba zelako Martzelo Lasa. Istorio guztia azaldu zigun, eta esan kristoren material pila zutela, ikus-entzunezkoak, elkarrizketak eta, eta bideo laburpen bat egitea nahi zutela, sei minutukoa.
Hortaz, haiek sortutako materiala erabili duzue?
GARCIA-BRAVO: Zati batzuk haiek grabatutakoak dira, dokumentalean azaltzen diren pertsona batzuk jada hilda baitaude. Pasarte horiek estaltzeko erabili ditugu artxiboko irudi horiek, Olargi taldeak grabatu zituenak.
BALERDI: Eta ilustrazioak ere erabili ditugu, jendeak fusilatzeen irudia ikusi ahal izateko.
GARCIA-BRAVO: Ondoren, elkarrizketak egin genizkien gaur egun oraindik elkarrizketatzeko moduan dauden familiartekoei.
Haiekin zer gertatu zen argitzea izan da xedea, ezta?
BALERDI: Helburu nagusia da gertatu zena gertatu zen bezala kontatzea. Olargi taldeko kideek oso argi esan ziguten hori. Oroimen historikoarekin lotutako gai bat jorratzea eta oraingo begiradarekin epaitzea oso erraza da. Testuinguruan jarriz gero, auskalo guk ere zer egingo genukeen. Jakinik, noski, egin ziren gauzak gaizki egin zirela. Kontatu nahi genuen zer gertatu zitzaien bi fusilatu horiei, inor epaitu gabe.
GARCIA-BRAVO: Bi pertsona horien historia kontatzeaz gain, ikusi dugu benetan traumatikoa dela horrelako zerbaitekin bizitzea, eta hori ere jaso nahi izan dugu. Nahiz eta istorio lokal bat izan, Olaberrian gertatutakoa, beste herri askotako errealitatea islatzen du.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













