Arkaitz Apalategik irabazi du festetako egitarauaren azal lehiaketa
12 urtetik beherakoen artean, Anette Rodriguez de Arellanak egindakoa saritu du epaimahaiak.
Arkaitz Apalategi eta Anette Rodriguez de Arellana lan sarituekin. Josune Zarandona San Andres jaiak gerturatzen ari direla eta, jaietako egitarauaren portada lehiaketaren sari banaketa egin dute gaur goizean Ormaiztegiko Karramarro aretoan. Bi sari nagusi banatu dituzte; helduen artean, Arkaitz Apalategirentzat izan da lehendabiziko saria —300 euro— eta 12 urtetik beherakoen artean, aldiz, Anette Rodriguez de Arellanarentzat —Lazkaoko opari denda batean gastatzeko 50 euroko balea—. Agustin Garabide, kultura zinegotzia, Mari Jose Ruiz de Zuazu, berdintasun zinegotzia eta Jon Enrike, Ormaiztegiko alkateak parte hartu dute ekitaldian.
Sari nagusiez gain, parte hartu duten eskolako haurrak ere saritu nahi izan ditu epaimahaiak eta mailaka mahai jolas bana jaso du gela bakoitzeko arduradunak, Haur Hezkuntzatik hasita Lehen Hezkuntzako 6. mailaraino.
Ormaiztegiko ikurrak
Bi lanetan, Ormaiztegiko ikur diren irudi edo pertsonaiak hartu dituzte oinarrian. Rodriguez de Arellanak, adibidez, Ormaiztegiko trenzubia, haurren danborrada edo berriki herrian instalatu den inklusioaren aterkia irudikatu ditu lehiaketara aurkeztutako marrazkian.
Apalategik ere, Ormaiztegiko jaietako sinboloak erabili ditu jaietako egitarauaren azala ilustratzeko. Ilustrazio digital bat da aurkeztu duena. Tomas Zumalakarregi, “Ormaiztegiko ikono bat delako eta haurren danborradan ere zaldi gainean atera ohi delako Zumalakarregiren pertsonaia”, esan du. Bestetik, XIX. mendeko eleganteen irudi bat ere ageri da, baita haurren danborradaren adierazgarri den beste bat, “haurrena aukeratu dut, baina helduena ere izan zitekeen”, argitu du. Musika ere ageri da irudian, “txaranga da azken batean festa giroa hoberen transmititzen duena”, esan du eta tronpeta jole baten irudiarekin irudikatu nahi izan du. Ormaiztegiko udaletxea eta odolkiak ere badute beren lekua.
Ez da lehiaketara aurkeztu den lehendabiziko aldia, baina bai saria irabazten duena, “lehiaketa egiten hasi zirenean aurkeztu nuen lehendabiziko lana, baina ez nuen irabazi. Aurten, azken astean egin dut irudia”, esan du.



















