Beasain Kirol Sariek hamar urte beteko dituzte aurten
Azaroaren 21era arte egongo da hautagaiak proposatzeko epea zabalik; sariak abenduaren 22an banatuko dira Igartzako jauregian.
Beasaingo Kirol Sariak, 2024ko ekitaldia.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak Beasain Kirol Sarien 10. edizioa abiarazi du, herriko kirolarien, elkarteen eta sustatzaileen lana aitortzeko helburuarekin. Azaroaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira hautagaiak, udalaren webgunearen, Beasain aplikazioaren edo Antzizar Kiroldegiko harrera-guneko inprimakiaren bidez.
Udalak herritarren parte-hartzea azpimarratu du, “sari hauen benetako indarra komunitatearen konplizitatean datzalako”. Hamarkada honetan, Kirol Sariek beasaindar kirolaren topagune nagusi bihurtu dute Igartzako Jauregia.
Aurten ere bi atal nagusi izango dira: Urteko Kirol Sariak eta Ohorezko Kirol Sariak. Lehenengoen artean honako kategoriak bereiziko dira: emakumezko kirolaria edo taldea, gizonezko kirolaria edo taldea, kirol jardunaldia eta erakunde babeslea. Horien artean aukeratuko du epaimahaiak 2025eko Sari Nagusia.
Bestalde, Ohorezko Kirol Sarietan, Udalak eskumena izango du Kirol Ibilbideari Ohorezko Saria eta Ohorezko Beasain Saria emateko, merezimendu bereziak kontuan hartuta.
Sari banaketa abenduaren 22an egingo da Igartzako Jauregian, eta ospakizun berezia izango da: hamar urteko bide oparoa gogoratzeko eta Beasaingo kirol komunitatearen balioak —esfortzua, elkarlana eta harrotasuna— omentzeko.













