Bizitza oso bat lapikoen artean
Olaberriko Castillo Hoteleko sukaldariak erretiroa hartu du ia bost hamarkadaren ondoren. Bizitza oso bat lapikoen artean pasatu du Sole Iparragirrek.
Sole Iparragirre Hotel Castilloko sukaldia izan dena.Ariane Vierbücher Sukaldeko atea ixtean, burrunba isildu egiten da: lapikoen hotsa, irribarreen eta nekeen artean igarotako orduak, eta usainak, urteetan zehar hormetan iltzatuta geratu direnak. Sole Iparragirrek (Olaberria, 1962) azken aldiz itxi zuen ate hori urriaren 17an, 48 urtez Hotel Castilloko sukaldea bere etxe bihurtu ondoren.
Egun horretan, lankideek mahai baten bueltan agurtu zuten, otordu bero batez, malkoak eta irribarreak nahasian. «Castillo nire bigarren etxea izan da», esan zuen, ohiko umiltasunez.
Solek ez zuen sukaldari izan nahi. «Ez nuen ikasi nahi, eta amak esan zidan: edo ikastera, edo lanera. Eta nik lanera jo nuen», dio irribarre apal batekin. Horrela iritsi zen Castillo familiaren etxera, 14 urte besterik ez zituela. Izan ere, etxekoek aspaldiko harremana zuten hoteleko jabearekin, Jose Castillorekin. Ondoan bizi ziren, eta Soleren ahizpak ere bertan lan egiten zuen. Egun batean, sukaldean laguntza behar zutela esan zioten. «Hurrengo egunean joateko esan zidaten. Txangurroak egosten eta garbitzen hasi nintzen. Eta begira, orain arte geratu naiz».
Lehen egun hartatik gaur arte, sukaldea izan da bere mundua. «Hasieran sei pertsona ginen sukaldean. Orduan ez zegoen eguneroko menurik, karta zen dena. Angulak, bogabantea, txuleta… jendeak bapo jatea gustuko zuen. Lan asko, baina giro ona zegoen».
Etxekoen arteko beroa
Castillo familia eta langileak ‘etxe berekoak’ ziren. «Familiakoak izango bagina bezala zen. Horregatik geunden gustura, eta horregatik eman ditut bertan urte hauek guztiak», gogoratzen du.
Soleren eskuetatik igaro dira ezkontzak, komunioak, urtebetetzeak eta beste hamaika ospakizun. «Jende askoren egunik garrantzitsuenetan egon gara, atzean, baina presente».
Sukaldean pasatako orduak ez ditu kontatu: «Askotan konturatu ere ez, lan asko baitzegoen. Eguna hasten zenuen eta ohartu gabe ilundu egiten zuen».
«Jende askoren egunik garrantzitsuenetan egon gara, atzean, baina presente».
Lanari emandako bizitzaren adibide ugari ditu: haurdunaldiak ere bertan igaro zituen. «Ez naiz sekula gelditu. Gogotik egin dut lan, baina gustura. Sukaldaritza tradizionala izan da beti niretzat garrantzitsuena: zaporea eta mimoa».
Bere alabaren arabera, Soleren eskuekin idatzitako errezetak liburu bat osatzeko adina dira. «Koadernoak ditu, letra txukunarekin, neurriz eta sekretuz beteriko orriak», dio. «Baina bera ez da konturatzen zer altxor duen». Sole, ordea, umila da beti: «Ez diot horri garrantzi handirik ematen. Nik egin dudana gustura egin dut, besterik ez».
Castilloko mahaietan eseri dira pertsona asko, ezagunak eta ezezagunak. «Mayor Oreja, Jesulin de Ubrique edo Mari Trini abeslaria etorri izan dira. Baina niretzat bezero guztiak izan dira garrantzitsuak. Ohore bat da jendeak gustura jatea eta berriro bueltatzea».
Castillo, urte askotan, Goierriko erreferente gastronomikoa izan da, eta Soleren eskuetatik pasatu dira herriko eta inguruko belaunaldi osoak. Bere janariarekin hazitako belaunaldiak.

Sole Iparragirre Castilloko sukaldean.
Atsedenaren garaia
Urriaren 17an izan zuen azken lan eguna. Lankideek bazkari berezia prestatu zioten, eta emozioz beteriko eguna izan zen. «Lagunak dira, familia bihurtu dira. Opari bat izan da hainbeste urtez haiekin egotea».
Hamar egun geroago, lehen oporrak hartu zituen. Eta orain, bizitzak beste zapore bat du: «Atzo, lehen aldiz, Beasaingo azokan izan nintzen. Ez dut sekula denborarik izan horretarako! Orain, egin ez ditudan gauza guztiak egin nahi ditut: paseatu, lagunekin egon, bizitza dastatu».
Hotel Castilloko sukaldeak beste esku batzuk izango ditu orain, baina usainak eta oroitzapenak geratuko dira. «Sole izan da Castilloko sukaldea», diote lankideek harrotasunez. Eta hala da: jendearentzat, Sole izan da beti ‘Castilloko sukaldaria’.
«Lanak ondo egin izanaren sentipenarekin agurtu naiz. Hori da nire poza»
Berak dioen bezala: «Lan egin dut, nire modura, eta jendeari ondo jatea gustatzen zitzaion. Lanak ondo egin izanaren sentipenarekin agurtu naiz. Hori da nire poza».
Orain, sukaldeko ateak isilik daude, baina bertan egon denaren arrastoa, usaina eta berotasuna geratu dira.













