Cabanillas eta Arrizabalaga goierritarrak Smartlog Next Cycling taldeko fitxaketa berriak
Taldeak lau txirrindulariren fitxaketa iragarri du, tartean bi goierritarrenak. Fitxaketa horiei esker, proiektua sendotuz eta taldea osatuz doala adierazi dute.
Cabanillas, Agirre, Buteau eta Arrizabalaga aurkezpen ekitaldia.Smartlog Urretxuko Smartlog Nest Cycling Team-ek “taldearen egitura indartzeko” lau fitxaketa berri iragarri ditu eta 2026ko denboraldiari begira, taldea osatzeko lanean dihardu. Ethan Cabanillas (Segura, 2006) eta Adur Arrizabalaga (Zegama, 2006) goierritarrak talde urretxuarrarekin arituko dira aurrerantzean, Unai Buteau nafarrarekin eta Aitor Agirre zumaiarrarekin batera; “23 urtez azpiko mailan esperientziaz, gogoz eta aurrera egiteko motibazioz beteriko laukotea” adierazi dute taldetik.
Fitxaketa berriekin, taldeak bere nortasuna “indartzen” duela adierazi dute Smartlogetik, prestakuntza eta kirol aurrerapenaren erreferente gisa. “Esperientzia, proiekzio eta lidergo gaitasuna uztartzen dituzten txirrindulari hauek berehalako errendimendu altua eskaintzeaz gain, gazteen garapenean ere paper garrantzitsua izango dute”, gehitu dute.
Cabanillas segurarra Electro Alavesa-Zuia Ingenieria taldean aritu da orain arte, eta azken urteetan “bilakaera positiboa” izan du. “Kirolari diziplinatua eta lanerako prest, txirrindulari gisa asko hazteko gaitasuna” duela azpimarratu dute. Azken denboraldian “maila ona” erakutsi du, “bere heldutasuna eta ibilbide desberdinetara moldatzeko trebetasunarekin batera”. Bere fitxaketak taldearen oinarria sendotu eta fidagarritasuna eskainiko du.
Arrizabalaga zegamarra, aldiz, Electro Alavesa–Zuia Ingenierian aritu ondoren, Smartlog Nest Cycling Team-en izango du jarraipena. “Etorkizun handiko txirrindularia da, erasokorra eta beti borrokarako prest. Igoeretan trebea eta lehian ausarta da, anbizioz josia. Taldeari jarrera, presentzia eta une erabakigarrietan behar den grina hori emango dizkio”, adierazi dute.
Smartlog Nest Cycling Team-eko kirol arduradun Iñaki Mugarzaren iritziz, fitxaketa hauek beste aurrerapauso bat dira proiektuaren sendotze-bidean. Taldeak gaztetasuna, esperientzia eta anbizioa uztartzen dituela azpimarratu du, eta horiek direla taldearen lehen denboraldiari aurre egiteko gako nagusiak: “Pozik gaude lau txirrindulari hauek gurekin bat egiteagatik. Bakoitzak bere berezitasuna dakar, baina guztiek dute lanerako eta konpromisorako jarrera bera. Talde lehiakor eta bateratua izaten lagunduko digute, gure hazkunde-prozesua sendotuz eta etorkizuneko talentua hezten jarraitzeko helburua indartuz”.













