Goierriko zortzi pilotari Gipuzkoako txapelketako finaletan
Kadeteen mailako finala gaur jokatuko da Atano III.ean, nagusien ohorezko mailakoa bihar toki berean eta etzi nagusien bigarren mailakoa Villabonan.
Zegamako Tartaloetxeko klubeko Beñat Azketa beasaindarra eta Aitor Elizegi zaldibiarra, 2021ean Idiazabalen jokatutako finalean. Aimar Maiz Goierriko zortzi pilotarik Gipuzkoako Ezker Hormako Kluben arteko txapelketak jokatuko dituzte gaur-etzitan. Lazkaoko Lapke eta Zegamako Tartaloetxe klubak ordezkatuz ariko dira lehian, baina sei herritakoak dira pilotariak, horietatik hiru Zaldibiakoak.
Gaur, 19:00etan, kadeteen 1. mailako finala jokatuko dute Donostiako Atano III.a pilotalekuan Lapkeko Suhar Mantzizidor zaldibiarrak eta Xabier Alberdi ordiziarrak Behar Zanako Zufiria-Ilarramendiren aurka.
Bihar, 11:00etan, toki berean, goierritarren arteko derbia izango da nagusien mailako ohorezko mailan. Lapkeko Beñat Zubizarreta ataundarra eta Beñat Garmendia beasaindarra Tartaloetxeko Beñat Azketa beasaindarraren eta Aitor Elizegi zaldibiarraren aurka arituko dira lehian.
Igandean, 11:00etan, Villabonako Bear Zana pilotalekuan, Tartaloetxeko Alex Sukia zaldibiarrak eta Iñaki Galdos zegamarrak Behar Zanako Olasagasti-Urruzolaren kontra neurtuko dituzte indarrak nagusien 2. mailako finalean.













