Lekanazpik Palestinako herria laguntzeko 1.617 euro bildu zituen Asteburu Mikologikoan
Txanpi Solidarioaren salmentan bildutako dirua da batez ere. Gernika-Palestina herri ekimenak bideratuko du laguntza.
Lekanazpi elkarteak 1.617,90 euroko balioa duen txekea eman dio Gernika-Palestina herri ekimenari, urriaren hasieran egindako Asteburu Mikologikoan bildutako diruari esker. Palestinako herria laguntzea du helburu diruak.
Diru kopuru horren zati bat ‘txanpi solidarioen’ salmentatik lortu zen. Herritarrek barrengorri pintxoak dastatzeko aukera izan zuten, nahi zuten dohaintza eginez. Herriko enpresa, taberna eta talde ezberdinen ekarpenei esker lortu dute zenbateko hori borobiltzea. Halaber, bandera eta zapi palestinarrak erosi zutenen laguntza ere izan zen.
Gernika-Palestina herri ekimena Mundubat Garapenerako Gobernuz Kanpoko Elkartearekin duen lankidetzaren bidez ari da lanean Palestinan. Mundubatek Palestinako hainbat erakunde babesten ditu, Palestinako herritarren giza eskubideen, justizia sozialaren eta ongizatearen aldeko borrokan berebiziko garrantzia izan dezaten. Gaur egun Gazan hainbat proiektu garatzen ari da.













