Olentzero eta Mari Domingi iritsi dira Mirandaolara
Gabon bezperara arte astebururo egingo dituzte bisitak. Oraindik badago lekua hainbat txandatan.
Olentzero eta Mari Domingi asteburuan iritsi dira Mirandaolara, beste urte batez Lenbur Fundazioak gonbidatuta. Makina bat haur eta familiarekin elkartu dira bi pertsonai kuttunak. Hemendik aurrera eta Gabon bezperara arte, astebururo joango dira berriz ere bisitan. Astegunetan ere joango dira, ikasle taldeekin elkartzeko.
Aurten, familia jarduera honek berritasunak izan ditu, eta haurrek Napo astoarentzako prestatu duten txokoa ezagutu dute, eta inguru horretan galdu duen ferra aurkitzeko jolasean murgildu dira. Gainera, aurretik zegoen Olentzeroren panpina handiari laguntzeko egin duten Mari Domingiren panpina ere ezagutu dute. Bestela, ohi bezala ipuin kontalaria eta Burdintxo izan dituzte gidari bisitan, eta Olentzerorekin eta Mari Domingirekin parkean elkartu ondoren, horiei gutunak eta opariak banan bana entregatzeko aukera izan dute burdinolan, bisita ‘paxentziak’ eta gaztaina erreak janez bukatzeko.
Familia jarduera honetan parte hartzeko txanda libreak daude oraindik, eta izena emateko 943 73 04 28 zenbakira deitu daiteke, edo mirandaola@lenbur.com helbidera mezu bat bidali.













