Ordiziako Herri Antzokia, babes izendapenetik gertuago
Gaur, azaroak 10, Ordiziako Herri Antzokiak 97 urte bete ditu. Domingo Unanue arkitekto ordiziarraren obra, Euskal Herri osoko eraikin arrazionalista edo modernoetan aitzindaria da. Jaurlaritzak Kultura Ondare izendatzeko prozesua martxan jarri du.
Adur Ezenarro, Ordiziako alketak, Herri Antzokiaren inguruko azalpenak eman ditu.Loinaz Agirre. Gaur, azaroak 10, Ordiziako Herri Antzokiak 97 urte bete ditu. 1928ko azaroaren 10ean eskaini zuten lehen saioa, Fantasma de la opera-rekin. Domingo Unanue arkitekto ordiziarraren obra da. Madrilgo Arkitektura eskolan arkitektura ikasi eta 1926an lortu zuen titulua eta Unanuek eraiki zuen eraikina izan zen, Legorretako paper fabrikaren jabe zen Juan Jose Etxezarretarentzat Ordizian eraiki zuen zine-antzokia.
Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “arkitektura aldetik oso eraikin interesgarria da, baina horrez gain, gaur egun ez ohikoa den gauza bat ere badu: sortu zenetik haren funtzioa berdina izan da, alegia, zine-antzoki bezala sortu zuten eta gaur egun ere hori da funtzioa. Ez dut uste eraikin askorekin pasako denik hori”.
Eraikin arrazionalista
Ikuspegi arkitektonikotik, Euskal Herri osoko eraikin arrazionalista edo modernoetan aitzindaria da. “Beti hartzen da arrazionalismoaren ikur bezala Donostiako Klub Nautikoa, 1929an inauguratua. Baina Ordiziako eraikina aurreratzen zaio ezagutzen ditugun obra aitzindari guztiei. Horrek izugarrizko meritua dauka, erreferentzia horiek ez zirelako existitzen hau egin zenean. Domingo Unanuek hemen egin zuen lana zentzu horretan, izugarria da”, nabarmendu du Ezenarrok.
Eraikin babestua izateko bidean
Ezaugarri guzti horiengatik, 2021eko uztailaren 2an eraikina babesteko eskaera egin zion Ordiziako Udalak Eusko Jaurlaritzari. “Baina ez dugu lortu aurten arte. Berria da, albiste ona jaso dugula: dagoeneko agindua eman dutela dagokion azterlana egiteko, babes espedientea hasteko”.
Ezenarrok aitortu duenez, “ez daukagu zalantzarik” Ordiziako Herri Antzokiak Kultura Ondare izendatzeko baldintza guztiak betetzen dituela eta “horregatik ziur gaude txosten horiek berretsiko dutela eraikinaren balioa”.
Arkitekto Elkargoaren eta Docomomo Fundazioaren aitortza badu Ordiziako Herri Antzokiak. “Elementu oso garrantzitsuak ditu baina pena da arkitektura gidetan agertzen ez den eraikin bat delako. Uste dugu babes horrek aitortza bat emango liokeela eraikinari eta arkitektoari”.
Laguntzak lortzeko
Aitortzaz gain, 2019an hasi zen Kulturlab parte hartze prozesutik zehaztutako birgaitzea egiteko diru laguntzak eskuratzea erraztuko luke Kultura Ondasun izendatzeak. “Babes espediente hori oso garrantzitsua da horrek irekiko bailiguke bidea, Espainiako Kultura Ministerioak daukan %1,5eko kultura inbertsioetarako diru laguntza horietara sarbidea izateko eta Jaurlaritzak eta aldundiak eman ahalko lizkiguketenarako”.
Izan ere, Ezenarrok aurreratu duenez, “hemen egin behar den birgaitzea potoloa izango da, eta udalak bakarrik horri aurre egitea zaila izango da. Horregatik garrantzitsua da, eraikinak duen balioa aitortzeaz gain, aukera izatea diru laguntza desberdinak lortzeko kultur gune berri batean bilakatzeko”.
Behin babes espedientea lortutakoan, “datorren urtean birgaitze proiektu hori lizitatzea” nahiko luke udalak.

Anpuero eta Etxezarreta kaleak igogailuarekin lotuko dituzte. Orain arteko udal biltegian, kontzertuetarako tokia egokituko dute.Loinaz Agirre.
Birgaitzea eta igogailua, paraleloan
Herri Antzokia birgaitu eta kultur gune handi batean bilakatzea izan zen Kulturlabetik ateratako ondorio nagusia, baina helburu horretara iristeko bidean, “paraleloan, idazten ari dira, urte bukaerarako bukatuko da, Anpuero kaletik Etxezarreta kalera igotzeko igogailuaren proiektua. Irisgarritasun Planean dauden igogailu urbanoetako bat”.
Ezenarroren esanetan, “eskailerak Herri Antzokiaren parte dira, tartean badago tarteko solairu bat, Nadaleko tailerra zegoena. Igogailu horrek lotuko ditu bi kaleak, baina baita ere tarteko solairu hori irisgarria izango da. Eraikin barruan ere moldaketa batzuk egingo ditugu”. Herri Antzokiaren sarbidea eta arrapala ere berritzea da helburua. “Sarrera nagusia barrurago jarriko da, eraikin originalean horrela zegoan. Portxe moduko bat sortuko da”.
Bestalde, Anpueron dagoen udal biltegian komun berriak egitea eta barra txiki bateko gune bat jartzea dute asmoa, “biltegia birkokatzeko asmoa daukagulako, erabiltzen hasteko KulturLabeko prozesuan erabaki zen bezala. Erabaki zen kontzertu eremu bat sortzea azpian”. Hasiera batean “gaztetxe formatuko areto” bat izango dela nabarmendu du Ezenarrok: “Helburua da eraikina erabiltzen hastea birgaitzea iritsi baino lehen. Zona batzuetan oraindik prekarioan izango da, baina erabilera kultural horiek sartzea, birgaitzeari itxaron gabe”.
Igogailu berriarekin, San Bartolome eta herrigunea bi igogailurekin lotuta egongo dira. “San Bartolomeko pasabideko igogailuarekin eta honekin herrigunera zuzenean iristeko aukera emango liguke”. Barrena ondoan, Etxezarreta kaletik Santa Maria kalera lotuko ditu, gaur egungo eskaileren ordez arrapalak jarrita.
“Esan digute datorren urtean Irisgarritasuneko diru laguntzen deialdia aterako dela berriz, eta asmoa da deialdi horretara aurkeztea lanekin hasteko”.













