‘Iparra’ eta Irizar omenduko dituzte Idiazabalen, bihar hasita
Ekintza sorta antolatu du aurten ere Idiazabalgo Kimu kultur elkarteak.
Idiazabaldarrak Atxurbira egindako irteera batean. Kimu kultur elkartea Iñaki Iparragirre Iparra eta Eduardo Irizar omentzeko ekintza sorta antolatu du aurten ere Idiazabalgo Kimu kultur elkarteak. Hitzaldi batekin emango diote hasiera bihar egitarauari, Iratzar fundazioko Andoni Olariagak 1975-2025 Askatzera lotuak izenburupean eskainiko du, 18:30etik aurrera, udaletxeko areto nagusian.
Ostiralean izango da hurrengo ekitaldia, Xabier Solano eta Jon Garmendiaren Bidasoatik harago musika emanaldia, hain zuzen, 19:30ean Guraso elkartean. Solanok eta Garmendiak 30 urte daramatzate elkarrekin sorkuntzan. Ibilbide luze horretan, 250 kantutik gorako bilduma osatu dute elkarrekin, Etzakit, 4itzal edo Esne Beltza bezalako musika taldeetan.
Emanaldirako sarrerak 10 euroan jarriko dituzte salgai: ostegunean, 10:30etik 12:30era eta 16:30etik 18:30era eta azaroaren 14an, goizean udaletxeko areto nagusian. Emanaldiaren aurretik ere sarrerak eskuratzeko aukera izango da Guraso elkartean bertan.
Larunbatean, urteroko lore eskaintza egingo diete Iparra eta Irizarri Zigorreko hilerrian, 13:00etan eta arratsaldean, mus txapelketa izango da 15:00etatik aurrera frontoiko tabernan. Igandean itxiko dute zikloa, Atxurbiko irteerarekin. 9:00etan plazatik irtengo dira oinez igotzeko, eta 10:00etan kotxez doazenak. Arretxe elkartean bazkaria egingo dute gero, amaitzeko.












