Zundaketa lanetan ez laguntzeko eskatu die Stop zundaketak-AHTrik ez! ekimenak udalei Idiazabalen, eta mendi martxa iragarri du
Azaroaren 23an izango da mendi martxa, Idiazabalgo plazatik abiatuta. Ataungo mugara joango dira, eta Inma Mugerza hidrogeologoak AHTak ingurune karstikoetan sor ditzaken kalteen berri emango du.
Stop zundaketak-AHTrik ez! ekimenaren prentsaurrekoa, eguerdian Idiazabalgo udaletxe aurrean.Laida Goiburu Stop zundaketak-AHTrik ez! ekimenak prentsaurrekoa egin du eguerdian Idiazabalgo udaletxe aurrean, Iturriak eta herritarren ongizatea agortuz abiadura handian lelopean. Idiazabaldik aterako den mendi martxaren berri eman dute ekimeneko kideek, eta azken zundaketa kanpainaren inguruan egon den informazioaz hitz egin dute. Udalei eskatu diete zundaketa lanak egiten ez laguntzeko eta baimenik ez emateko.
Orain gutxira arte AHTa eraikitzeko bi alternatiba zeuden, eta duela bizpahiru aste hirugarren baten aukerak indarra hartu zuela zabaldu zen zenbait hedabidetan. “Etzegarate ingurukoak indarra hartu duela diruri. Oscar Puente ministroa behin baino gehiagotan Gasteizko alternatibaren alde agertu da, baina orain Gipuzkoako Foru Aldundian baikor dira alternatiba berriari esker AHTa Ezkiora iritsi daitekeela amesten dutelako”, adierazi dute plataformako kideek. Estatuko eta Hego Euskal Herriko administrazioak “bakoitzak azpiegitura erraldoi hori bere mesedeeetara hurbiltzeko helburuarekin elkarri mokoka ibili” direla salatu dute.
Urriaren amaierarako Bakaikun, Ataunen, Idiazabalen eta Beasainen zazpi zundaketa berri egiten hasiak izango zirela adierazi zuten arren, “momentuz berririk ez” dute. “Irakurri dugunaren arabera bederatzi hilabete izango dituzte zundaketa horiek egiteko eta segurtasun pribatua izango omen du lanak gauzatuko dituen enpresak”.
Garraio Ministerioak duela lau aste iragarri zuen behin betiko baztertuko zela Ezkioko alternatiba ofiziala, Aralar Natur Parketik igaroko zena, baina ekimeneko kideek agertu dute dena dela ere ingurumen kalteak eragingo dituela: “AHTak Natur Parkea ukituko ez duela dioten arren, Ataungo zundaketa puntuak parketik hurbil daude, eta halabeharrez AHTak babesturiko gunea igaroko luke”. Ibilbide berriak Natur Parkea inguratuko lukeela aipatu bada ere, “ingurumen kalteak ia berdinak” izango lirateke Stop zundaketak-AHTrik ez! ekimeneko kideen esanetan: “22,5 kilometroko tunel batetik 20 kilometroko tunel batera igarotzen baita. Gainera, Aralar eta Aizkorri-Aratz Natur Parkeen arteko korridore ekologikoa bete-betean zatituko luke azpiegitura horrek”.
Azpimarratu dute azken zundaketa-kanpaina “zonaldeko udalen eta biztanleen borondatearen aurka egin nahi” dela, eta horregatik Beasaingo, Ataungo, Idiazabalgo eta Bakaikuko udalei dei egin diete lanak egiten ez laguntzeko eta baimenik ez emateko. Era berean, Goierriko zein Sakanako biztanleei “adi jarraitzeko” eskatu diete: “Aipatutako lau herrietako lurretan mugimendu susmagarriren bat antzemanez gero, deitzeko 656 711 130 zenbakira eta dagokion udalera”.
Azaroaren 23an batzeko deia
Prentsaurrekoa baliatu dute Idiazabalen azaroaren 23an egingo duten mendi martxarako deialdia zabaltzeko. “Taldean zein familia giroan etortzeko egitarau oparoa prestatu dugu, horrenbestez animatu!”. 09:30ean elkartuko dira Idiazabalgo plazan, eta Dantzalekura (Ataungo muga) abiatuko dira, Idiazabalera bueltatzeko gero. 10 kilometro eta 500 metro desnibel dituen ibilaldia egingo dute.
Inma Mugerza hidrogeologoak AHTak ingurune karstikoetan sor ditzaken kalteen berri emango du, izaki mitologikoen pasarte batetaz gozatzeko aukera izango da, bertako produktuz osaturiko hamaiketakoa prestatuko dute eta trikitilari eta pandero jotzaileak izango dira hamaiketakoa girotzen.
Azaroaren 26an, Ataunen
Azaroaren 26an, aldiz, Ataungo udaletxean izango da Inma Mugerza hidrogeologoa. Hitzaldia egingo du gai beraren inguruan, AHTak eremu karstikoetan duen eraginaren inguruan.

Ezker-eskuin: Maider Fidalgo, Mattin Zupiria eta Edurne Huesa, prentsaurrekoan hitza hartu duten kideak.Laida Goiburu












