«Binakako Txapelketa dator orain; ea hor sartzeko aukera daukadan»
2001eko urriaren 25ean Ataungo San Gregorio auzoan jaioa, Ataungo herriari bigarren txapela eman dio Beñat Senar Apalategik. Iraitz Zubizarretak irabazi zuen aurrenekoa. Herriko pilota eskolan jokatzen hasi zen Senar, eta ondoren, LAPKEko harrobian hazi. 2023ko azaroaren 26an egin zuen profesionaletako debuta.
Beñat Senar Apalategi, San Gregorioko frontoian, atzo goizean.Izaro Villarreal Ofizioaren balioa erakutsi zuen Senarrek larunbat iluntzean, profesionaletako aurreneko txapela irabazita. Irungo Urantzu pilotalekuan, Unai Amiano irundarrari 22-15 irabazi zion B Serieko lau t’erdiko txapelketako finala. Ofizioa eta lana behar izan zituen ataundarrak, oso kontrara ipini baitzion partida debutatu berriak, neurketaren hasieran. Orain, binakako txapelketari gogor heltzeko prest da ataundarra. Aurreneko pausuak eman zituen San Gregorioko frontoian egin dugu hitzordua.
Ezer baino lehen, zorionak Beñat. Zer moduz zaude?
Eskerrik asko. Oso gustura. Egun politak izan dira, familiartean eta inguruko jendearekin igaro ditudanak. Finala eta gero ere ederki ospatu genuen, herriko jaietan… eta orain berriz ere egunerokora bueltan. Berriz ere errutinan ondorengo partidak prestatzen.
Aurreneko finala zenuten biek. Nabaritu zela uste duzu?
Izan daiteke. Urduritasuna nabaritu egiten da momentu horietan. Hasiera batean ez zuen ematen debutatu berria zenik, ondo baino hobeto sartu baitzen partidan. Hasieratik ederki bete zituen bere asmoak; pilotari ere halako abiadura emanda lanak oso zail jarri zizkidan.
Kostata ekin zenion hasieran, eta aurrea hartu zizun Amianok segituan. 0-8 gailenduta.
Partidako aurreneko zati horretan gauzak oso zailak ikusten nituen. Sentsazioa nuen Amiano beste martxa batean arituko balitz bezala, eta ni, berriz, ezinean. Pilota guztiak abiadura handiarekin etortzen zitzaizkidan eta ez nuen dominatzeko aukerarik izan. Zazpigarrengo tantoan aukera bat izan nuen dominatzera pasatzeko, baina kanpora bota nuen ezker zeharra. Gauzak zailak zeuden, baina lanean segi beharra zegoenez, tantoz tanto jarraitu nuen.
Bigarren zati ikusgarria jokatu zenuen, eta sekulako bira eman zenion markagailuari.
Gutxika-gutxika tantoak egin nitzakeela ikusten joan nintzen, eta partidako dinamika aldatu egin zen. Bera ere zalantza gehiago izaten hasi zen, eta ni goraka nentorren. Sakeetan ere asmatu nuen, eta sake-erremateetan nahikoa min egin nion bukaerarako. Zorionez, ondo atera zen. Oso pozik nago.
«Aholku oso onak eman zizkidan anaiak, partida ondo irakurtzen jakin eta bukaera arte buru-belarri sartuta egoten lagundu zidan»
Markel anaia aritu zen botillero lanetan. Aholku onak eman al zizkizun?
Txikitatik bidelagun izan dut. Partida asko ikusi ditu, ezin hobeto ezagutzen nau eta badaki zeintzuk diren nire indargune zein ahulguneak. Aholku oso onak eman zizkidan, partida ondo irakurtzen jakin eta bukaera arte buru-belarri sartuta egoten lagundu zidan.
Familiaz gain, ataundarrek ere ez zuten hutsik egin. Sentitu al zenuen haien berotasuna?
Dudarik gabe. Azkenean, Irunen jokatu genuen, Amianoren etxean, eta bera hangoa izanda, frontoia kontran nuen sentsazioa izan nuen. Baina ataundarrak ere baziren bertan. Esfortzu handia egin zuten bertaratzeko, ez baitzen erraza herriko jaiak izanda, baina azkenerako, bi autobus bete ziren eta beraiei esker ere lortu nuen partidari eutsi eta buelta ematea.
Aitona zenari eskaini diozu txapela.
San Gregorioko frontoi honetan hasi nintzen pilotan oso txikia nintzela, eta gordeta ditudan aurreneko oroitzapen guztiak berarekin dauzkat. Geroztik, pilotako ibilbide guztian zehar ere alboan izan dut, alde batetik bestera ibili izan da nirekin: entrenamenduetara, partidetara… orain bi hilabete galdu genuen aitona, eta txapela berari eskaini nahi nion.
«Pilotako ibilbide guztian alboan izan dut aitona; txapela berari eskaini nahi nion»
Nolakoa izan da txapelketarako prestaketa?
Ez dut aparteko errutinarik segi. Fisikoa Lazkaoko Atxiki Kirol Zentroan lantzen dut, Unai Bereziartuarekin, eta berak prestatutako entrenamenduak ahalik eta zorrotzen egiten saiatzen naiz. Alor teknikoan, berriz, Baikok jartzen dituen entrenamenduetan astero lau t’erdiko entrenamenduak sartzen joan naiz.
Urrian beste bi urterako berritu zenuen Baiko enpresarekin. Pozik daude zurekin.
Hala esan daiteke. Urrian beste bi urterako sinatu nuen, eta berritze horrek sekulako lasaitasuna eman dit. Izan ere, aste honetan bukatzen zitzaidan hasierako kontratua eta txapelketan lehiatzen hasita, jarraituko duzun edo ez zalantza horrek tentsio gehigarri bat sortzen dizu. Beraz, urrian sinatu nuenez, presio hori kendu eta askoz ere lasaiago aritu naiz.
Profesionaletan daramazun denbora honetan, asko aldatu zaizu bizitza?
Berdin segitzen ahalegintzen naiz. Entrenamenduak lanarekin uztartzen ditut Goierriko enpresa batean egunean hiru orduz, eta aisialdia ere, ingurukoekin igarotzen dut. Ahalik eta errutina berdintsuena jarraitzen ahalegintzen naiz.
«Txapelketa honetara konfiantzarekin iritsi izanak asko lagundu dit; horri esker atera ditut partidak aurrera»
Denborarekin zertan egin duzu hobera?
Konfiantzan. Neure buruan sinetsi eta errematean gehiago saiatzen ikasi dut, baina gehiena konfiantza handiagoa bereganatzen. Udaran ere bolada txarra pasa nuen eskuei dagokienez, baina orain berriz ondo nabil. Garbi dago konfiantza duzunean gauzak hobeto ateratzen direla, eta txapelketa honetara konfiantzarekin iritsi izanak asko lagundu dit; horri esker atera ditut partidak aurrera.
Txapela eskuan duzula, zein da hurrengo helburua?
Binakako Txapelketa dator orain. Zazpi aurrelari daude serierako, baina lauk bakarrik jokatzen dutenez, ea hor sartzeko aukera daukadan. Sartuz gero, txapelketa hori lehiatzea izango zen nire hurrengo helburua.













