Ganadurik gabeko San Martin feria, asteburuan Zegaman
Aurten ez da herriko abereen erakusketa eta sariketarik egingo. Aizkorri-Aratz Natur Parkeko gazta lehiaketa ohi bezala egingo da. Bihar, Iñiguezen ikus-entzunezkoak irekiko du egitaraua.
Jende ugari San Martinetako herriko ganadu erakusketan, iaz. Aimar Maiz Ez ohiko San Martin feria izango da aurten Zegamakoa. Beste leku batzuetan bezala, dermatosi nodular kutsakorraren eraginez, aurten ez da herriko abereen erakusketarik ezta sariketarik izango. Iker Zubeldia alkateak «penaz» bizi du egoera baina «derrigor» hartu beharreko erabaki zela gaineratu du. Abereen faltan, gaztak izango du aurten protagonismo nagusia azokan, Aizkorri-Aratz Natur Parkeko 26. gazta lehiaketaren aitzakian. Egun handia larunbatekoa izango bada ere, bihar eta igandean ere ekintza ezberdinak antolatu dituzte azokaren osagarri.
Esperantza izpi bat izan zuten lehenengo, «hasiera batean behiak bakarrik galaraziko zituztela esan ziguten», adierazi du alkateak. Ez zuen gehiegi iraun neurri horrek, segituan, azaroaren amaierara bitartean «txakurrak eta katuak salbu», debekatuta geratu baitziren animalien erakustaldiak. «Gure azoka beste era bateko azoka izango da. Zegaman askok jarraitzen dugu abeltzain tradizioa eta herriarentzako pena bat bertan behera geratzea, baina ez dago besterik», gaineratu du Zubeldiak.
Izan ere, alkatea izateaz gain, Zubeldia abeltzaina ere bada eta urtero eraman ohi ditu etxeko buruak sariketara: «Nik denetik eramaten dut, ardiak, behiak, behorrak… aurten astoa eramateko asmoa ere banuen. Gure etxean beti izan gara abeltzainak eta segi egiten diogu». Herriko abeltzainentzat hitzordu berezia da San Martinetakoa. Zubeldiak esan duenez, «mimoz» prestatzen dituzte animaliak, eta «herritarren arteko pike sano hori ere egon badago».
Kasualitateak nola diren, aurten inoiz baino postu eskera handiago izan dute abereen erakusketarako, «80 bat izan dira guztira. Datozen urteetan ere hala bada, orain arte egokitu ez ditugun leku batzuk egokitu beharko ditugu guztiak sartu ahal izateko», aurreratu du. Herri txikia izateko kopuruz opari izan ohi da San Martinetako erakusketa: «40 bat behor, 20 bat behi, ardiak 60, ahuntzak… basurdeak ere ekarri izan dituzte eta tarteka beti egoten da berezitasunen bat. Azokaren xarma guztia honek dauka, hori kenduta…».
Kaleko ‘prozesioa’
Zegamako erakusketa honek, ordea, badu berezi egiten duen beste ezaugarri bat, animalia gehienak oinez eramaten dituzte herriko etxeetatik kaleraino. «Herrian zeharreko prozesiotxo hori ere polita izaten da. Ez da beste leku batzuetan bezala, kamioietan ekarri eta hustu egiten dituztela», gaineratu du alkateak.
Gainerakoan, azokak ohiko egitaraua jarraituko du. Aizkorri-Aratz Natur Parkeko 26. gazta lehiaketak ikusmira sortuko du, «Aizkorpe bailara eta partzoneriako gaztagile onenak hemen izango ditugu eta horrek jende pixkat erakartzea espero dugu. Tolosako babarrunaren dastaketa ere izango da, baita urteroko txakolinarena ere. Arratsaldean, ohiturari jarraituz, herritarren arteko eskuz binakako 26. San Martin pilota txapelketako finalak ere jokatuko dituzte pilotalekuan.
Aurretik, bihar, Matin Iñiguez herritarraren Alpeak alderik alde oinez eta hegan ikus-entzunezkoa eskainiko dute, 18:00etan gaztelekuan. Eta igandean, San Martinetako zine emanaldiak izango dira leku berean.















