Gizonezkoen osasunaren aldeko hitzaldia gaur, Movemberren barruan
Villamizar doktoreak minbiziaren prebentzioaz hitz egingo du. Udaletxeko batzar areto nagusian izango da hitzordua, 19:00etan.
Liliana Villamizar doktorea. Gaur arratsaldean, 19:00etan hasita, Beasaingo udaletxeko batzar areto nagusian egingo da Movember ekimenaren barruan antolatu duten Barrabil eta prostatako minbizia: Hobe prebenitzea tratamendua baino izeneko hitzaldia. Goierri Moherri taldeak antolatu du, eta Liliana Villamizar Tolosako Asuncion Klinikako doktore espezialista izango da hizlaria.
Villamizar doktoreak barrabil eta prostatako minbiziaren prebentziorako funtsezko alderdiak azalduko ditu, biak ala biak gizonezkoei gehien eragiten dieten minbizi motak baitira. Hitzaldiaren helburua da gaixotasunen detekzio goiztiarra eta bizimodu osasungarria sustatzea, garaiz diagnostikatuz gero sendatzeko aukerak nabarmen handitzen direlako.
Villamizar doktoreak azalduko du nola identifikatu lehen abisu eta seinaleak, nola egin barrabilen autoazterketa egokia eta zein diren prostatako minbizia garaiz detektatzeko metodo eraginkorrenak. Gainera, hitzaldian azpimarratuko da gizonek askotan osasunarekin lotutako tabuak izan ohi dituztela, eta halako ekimenek tabu horiek haustea eta prebentzioa sustatzea dutela helburu.
Gainera, osasunaren ikuspegi integral batetik, elikaduraren, jarduera fisikoaren eta ongizate emozionalaren garrantzia ere jorratuko da.
Ekitaldia aukera paregabea izango da informazioa jasotzeko, zalantzak argitzeko eta prebentzio-ohiturak ikasteko, beraz, Goierri Moherri Movember ekimenaren sustatzaileek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte.













